Category Archives: Uncategorized

2016ko disko onenak

3 diskorik onenak. Hori aurkitzea da helburua. Ez 4 ez 2, ez abesti bat eta ezta zuzeneko bat. Diskoak. 2016koak. Euskal Herrikoak.

Bidean geratu dira Kokein, Izaro, Zea Mays, Gatibu, Niña Coyote eta Chico Tornado, Perlak, Dual Split eta bestelako zenbait. Gertu ibili dira, baina 3 aukeratzea aukeratu, eta horri eutsiko.

Eta ez ahaztu hau iritzi bat baino ez dela!

3. postua: Willis Drummond, Tabula Rasa

Diskoei dagokionean 4 urteko etenaldia eta gero, eta taldekideekin gora beherak egon eta gero, aurreko lanen maila mantentzea lortuko ote zuten zalantzan jartzen zuten askok. Ba bai, eutsi dio Tabula Rasa lan berriak. Ez dut esango gainditu dutenik, maila hori oso goian baitzen, baina sekulako diskoa lortu dute.

cover_webUne anitz gordetzen dituen diskoa da Tabula Rasa, behin eta berriz entzun eta gero “hazten” den horietarikoa, estilo ezberdinentzako txokoak gordetzen dituenetarikoa da. Taldekideen esperientzia pertsonaletatik edaten eta osatzen da, baina talde baten lana izaten jarraitzen du, sekula ez da kide baten protagonismoa gailentzen. Une batzutan aipatutako estilo nahasketa horrek kalte egin diezaioke (zaila da denek dena atsegin izatea, azken finean), baina aldi berean aniztasunak dena osatzen du.

Are gehiago: hasiera batean oso erakargarria ez zitzaidan azalekoa, denborarekin askoz politagoa iruditzen zait. Diskoaren barnealdea politagoa da! Eskaera bat egitekotan, hurrengo diskoa agertu bitartean beste 4 urte ez pasatzea!

2. postua: Belako, Hamen

Bide arraro samar bat jarraitu eta gero, ezin esan hau taldearen 2., 3. edota zenbagarren lana den. Axola ere ez digu: disko aparta da. Taldearen erregistro guztiak aurkezten ditu, A aldea eta B aldea argi eta garbi bereiztuz, behinola bi EP haiek egin bezala. Eta ezin esan zein den hobea edota zein dugun gustukoen! Elektronikatik gertuago dauden kantak edota garage-itxura duten beste horiek, ezin aukeratu!
albumAlde “txarren” bat aipatzekotan, kanta pare bat EPetako berberak direla. Trukean, taldeak horren ondo egiten duen altxor horietariko bat gordetzen du: bere kanta propioen bertsioa. Diskoa ixten duen Monster kanta Aaaa!! EP hartan entzun genuen, baina hemen bestelako erritmo bat dakar (eurek izendatu duten moduan, arinao). Zuzenekoetan ohikoa du taldeak bertsio edota erritmo aldaketa hauek, eta sekulakoak dira!
Bide batez, norbaitek esan dezake disko hau 2015ekoa dela, urte hartan iragarri zen eta: gogoratu zenbait arazo medio 2016ko urtarrilera arte ez zela plazaratu formato fisikoan. Emaitzaren argitan, itxaroteak merezi izan zuen!

1. postua: Neighbour, Hau

Zaratarik egin gabe hazi den talde horietarikoa dugu Neighbour: konturatu orduko, bikote honek 2. diskoa du kalean. Eta ez da nolanahikoa gainera! Produkzio sinple bezain landutik abiatuta, erregistro zabala eskaintzen du lan honek, eta urteko abestirik onenetariko zenbait gordetzen ditu.

stacks-image-167ec23-10Kanta tradizionaletan girotuta egon daitezkeenetatik abiatu eta Björk-engandik gertu dauden leku musikaletatik eramango zaitu. Ahots bikaina eta aldakorra, instrumentu aberats eta dotoreak, tempo atseginak eta landuak: denontzako lekua dago hemen. Zenbait kanta, Invisible threads kasu, bertsio rockero bat jasateko prestatuak direla dirudi. Besteek istorio miresgarriak kontatzen dizkigute (Anutxatxa), antzerkirtu daitezkeenak (sehaska kanta) eta baita opera-ratu daitezkeenak.
Kuriositate gisa, aipatu biniloa eta CDa ez direla berdinak… eta bakoitzak aurki ditzala ezberdintasunak.

Diskoa ez bazaizue nahikoa gertatu, Paperezko kontzertuak antolatzen dituzten lagunen bideoa duzue hemen.

Ekiza: espero ez dituzunen musika

Jadanik hainbat lekutan irakurri ditzakezu Ekizaren lehen diskoaren inguruko iritziak eta kritikak, eta ondorioz agian hau berandu dator. Niri ordea ezinezkoa zitzaidan hau arinago idaztea; ez disko honekin behinik behin. Izan ere, hau ez da lehen entzunaldian epaitu dezakezun disko bat.20160131_114026

3 aste pasa ditu jada diskoak nire disko-jogailuan bueltaka. Lanean ere pare bat aldiz entzun dut (lana disko bat entzuteko lekurik aproposena ez den arren). Ia hilabete pasa da postontzian poz-pozik jaso nuenetik. Urte honetan gehien espero nituen diskoetariko bat Urtarrilean. Ona.

Horren esperotakoa izanik, esateko asko ditut. Hauek ordenatzen ahaleginduko naiz.

  1. Lehen sorpresa: ez du Willis Drummond-en antzik. Ados, ahots berdina da bai, baina abestirik azkarrenek ere ez didate taldea burura ekartzen. Lasaiagoa, momentu-sortzailea, beste abiaduraduna, ezberdina da.
  2. Iluna da, oso. Letra ilunak eta korapilatsuak dira nagusi baina, espero nezakeenaren kontra, nahiko laburrak. Baina doinuak ere ilunak dira. Sakonak, apika. Berriak. Jurgirengandik orain arte entzun ditudanekin aldaratuta behinik behin.
  3. Oso… atmosferikoa da. Beste leku batzuetara garraiatzen zaituzten kantuz josia, momentuak sortzen dituztenak, atmosferak sortzen dituztenak, eszenak osatzen dituztenak… Asko transmititzen duten giroak dira. Benetan une bat, giro bat, leku bat sortzen duen musika da hau. Zenbaitetan, hipnotikoa ere izan daiteke.
  4. Jurgi honen zale dela jakinik, Eddie Vedder-en bakarkako lanen moduko zerbait espero nuen, baina ezin harengandik urrunago egon. Beste letrak, askoz pertsonalagoak, beste soinu bat, askoz beteagoa.
  5. Bakarkako lana dirudi. Bai, instrumentu asko agertzen dira bertan, zenbait Jurgik berak jotakoak baina beste hainbatetan laguntza izan duelarik baita, baina pertsona bakar baten diskoa dela agerikoa da. Ez du Willis Drummond-ek duen talde soinua, ez du indar hori lortzen, ez du halakorik bilatzen ezta. Hobe.

Agian, galdera hau guztia baino sinpleagoa izan daiteke: gustuko dut? Bai, oso. Baina ez da lehen egunean gustuko duzun disko horietarikoa. Geruzak entzuten joan behar duzu, ukituak ulertzen, kantetan sartzen. Letrak irakurtzen. Azala bera ere ulertu beharra dago. Diskoak 2 aurpegi ditu, binilo formatuan oso agerikoa suertatzen den zerbait (KDan egoera hori zertxobait galdu egiten da), eta hori ere ulertu behar. Agian soinu osoagoa espero nezakeen, produkzio landuagoa, instrumentu gehiagoduna, baina aurkitutakoarekin oso pozik nago.

Zuzenekorik apenas eskainiko duela iragarri du Jurgik. Ez zait gauza txarra iruditzen, egilearen esku dagoen zerbait da hori. Norberak ikusi behar. Hala ere, hemen sortu dituen atmosfera horiek guztiak zuzenekoan nola islatzen diren jakin nahiko nuke. Ez dut uste gertatuko denik, baina auskalo… Gainera, horri lotutako beste susmo “txar” bat ere badut: ez ote da hau izango Ekizaren disko bakarra?

Diskoak bueltaka jarraitzen duen une honetan, oso aukera txarra iruditzen zait hori…

Durangoko Azokak izena (berriz) aldatu du

Durangoko Azokak 50 urte betetzen ditu aurtengoan. Euskal Herriko kulturaren plaza izatearen ospea irabazi du urte hauetan, merezimenduz zenbaiten esanetan eta halakorik izan gabe besteen iritziz. Auskalo; iritziak baino ez dira horiek.

Baina egia dena azokaren izena aldatu dela. Konturatu gabe agian, oraindik askok aurreko izena erabiltzen jarraitzen baitute. Baina jadanik ez da Durangoko Liburu eta Disko Azoka, ez: orain Durangoko Azoka da. Soilik. Eta hobe horrela.

(Bai, ados, google-eko emaitzek kontrakoa diote, eta baita prentsan irakurri daitezkeen hainbat berrik, eta bestelako askok, baina izen ofiziala Durangoko Azoka da, eta ez besterik.)

Hobe horrela, bai: izan ere, Landakoko txokoan liburuak eta diskoak saltzen dira, bai, baina bestelako asko baita. Kamisetak, jostailuak, urtekariak, puzzleak eta beste hainbatek betetzen dute Azoka egunotan. Baina ez da hori aldaketarekin ados egotearen arrazoi nagusia.

Spotify, Youtube, Deezer, Bandcamp-en garaiotan, zer pisu du diskoak? Zertarako sortu disko fisiko bat? Zerbait etxera eraman ahal izateko aitzakia bat baino ez dira bilakatu diskoak, musika eta memoriak nolabait etxean gordetzen gabiltzala sentitu ahal izateko bide bat baino ez. Hortaz, zergatik saldu diskoak? Eta antzerako galdera bota nezakeen liburuei dagokionean; hau ordea musikaren inguruan hitz egiteko txokoa da eta hortara mugatuko naiz.

Arrazoi anitz dago diskoak saltzen jarraitzeko, noski. Euren artean nagusienetarikoa, musikariaren presentzia monetizatzeko beste modurik aurkitu ezinean aritzea sarri; Spotify-harpidetza ezin horren modu errazean saldu, edota hortik datorren dirua ezin musikariari modu zuzen batean helarazi. Diskoetxeen negozioa ere hor dago. Baina, berez, diskoak hil dira. Merkatu handietan hil. Beraien txokotxoa izaten jarraituko dute, baina hil dira. Aspaldi hil ziren, oraindik konturatu ez garen arren.

Nik neuk, binilo zalea izanik ere, sarri mp3ak faltan botatzen nituen: biniloarekin batera deskarga digitala oparitzen ez dituzten diskoekin haserretzen naiz maiz. Izan ere, diskoa etxean entzutea gustuko dut bai, baina kotxean edota lanean baita. Bestalde, SGAEren esanetan edozein disko kopiatzea, bai eta zure kontsumo pertsonalerako baldin bada ere, legez kanpokoa da (ados, SGAE bere ere legez kanpokoa beharko luke, baina hori beste kontu bat da); Spotify kotxean edota etxean edota lanean entzutea ordea legezkoa da. Legea, beti bezala, garaien atzetik. Sorkunek aurten, esaterako, USBak saltzen ditu; horren erraza da USB baten edukia kopiatzea, eta horren gauza naturala haren edukia galeren kontra zaindu nahi izatea…

Hortaz, ba al du zentzurik Disko Azoka deitzeak? Musika Azoka agian hobeto legoke, edo Soinu Azoka. Edo, egun dagoen moduan, Azoka, besterik ez.

Azokako araudiaren arabera, ezin bertan Diskoak edota Liburuak ez direnak. Kamisetak eta halakoak, hortaz, debekatuta, disko+kamiseta eta halako tranpak egin ezean. Agian ondo dago araudi hori kulturaren plaza behar duena komertzial zentro bilakatu ez dadin… baina argi dago musika saltzeko beste formulak bilatu behar dituela merkatuak.

Agertuko dira. Musika beti eraberritu da, eta beti irten da onik. Oraingoan ere egingo du. Soilik espero Azoka ere garaiz eraberritzea. Momentuz, alda diezaiogun guk izena, eta dei diezaiogun dagokionarekin: Durangoko Azoka, eta besterik ez.

 

How the music got free

Nire nota: 8

Musikak interneten izan duen ibilbidea ezagutu nahi baduzu, hau da zure liburua. Napster, Kazaa edo Bittorrent erabili izan badituzu, hau da zure liburua. Musika Youtube-n, Spotify-n edota Apple Music-en entzun izan baduzu, hau da zure liburua. iPod bat edota CDak grabatzeko traste bat izan baduzu, hau da zure liburua. Eta diskoak erosi badituzu, ere bai.

Denetarik eta denontzako du liburu honek. Honek azalduko du zer den eta nola sortu zen mp3a (eta baita mp2a, acc eta halako beste hainbeste). Mp3ak suposatzen duen gezurra baita. Nork eta zelan pirateatzen duen. Nork eta zer irabazten duen. Kontratuak eta portzentaiak. Kontzertuak, merchandising-a eta diskoak berauek. Polizia eta legedi kontuak. Dena, hemen dago.

Eta onena, modu arin eta entretenigarri batean kontatua. Tira, lehen atala izan ezin, psikoakustika kontuak astun samar gerta daitezke: lehen kapituloa gainditzea lortuz gero, dena joango da maldan behera! Izatez, lehen atal horrengatik jarri diot 9 eta ez 10..

Adibide ugariek irakurketa erakargarriagoa bilakatzen dute: Bon Jovi, Kanie West, Eminem, Dr Dre, Gloria Estefan, Limp Bizkit… Denontzako dago! PoliGram, Universal, Apple, Sony, the Pirate Bay (eta The Pirate Party) Philips edota XXXek historioan izandako garrantzia ere hemen dago. Aipagarria, nire aldetik, rap eta hiphoparen eragina musikaren ekonomian: ez nekien horrenbeste diru mugitzen zutenik. Ziur gutariko bakoitzak alderdi ezberdinak ezagutu ditzakeela liburu honetan.

Agian hala izango da: irakurle orok alderdi ezberdinak izango ditu ezezagun. Nire partetik, liburu hau irakurri eta gero hiru galdera geratu zaizkit buruan bueltaka:
1.     Musika horren gustuko dudala kontutan harturik, nolatan da posible orain arte Doug Morris eta Dell Glover nortzuk ziren ez jakitea?!? Izena ezaguna ere ez zitzaidan gertatzen!!
2.     Euskal talderen bat egongo ote zen OiNK-en?!?
3.     Zergatik ez nuen inoiz OiNK horretarako gonbidapenik jaso? 🙂

Esandakoa, musika atsegin baduzu, galdu beharko ez zenukeen liburua. Pirateria legezkoa den ala ez, edota bidezkoa den ala ez erabakitzea, eta baita harekin nork irabazten duen aurkitzea, zuen esku.

Ingelesezko bertsioa Penguin-ek argitaratu du aurten. Gaztelaniera eta euskarazko bertsioek itxaron beharko dute…

Onena: Historia (eta ez istorioa) detailez betea dagoen arren, interesa mantentzen laguntzen duten xelebrekeriak baino ez dira. Eleberri bat bailitzan idatzia egotea.

Txarrena: lehen atala teknikoegia gerta daiteke, eta Spotify-ren agerpena eta gerokoez ezer gutxi aipatzen du.

Bateriak, hegazkinak, tatuajeak: Travis Barker

Gaurkoan Travis Barkerri buruz hitz egitea erabaki dut. Bere bizitzako gertakizunen urtemugarik betetzen EZ dela aprobetxatuko dut horretarako; sekula ez dut oso gogoko izan halakoez baliatzea.

Ezagutzen ez duzuenoi izenak ez dizue askorik esango. Ezagutzen duzuenok ordea ziurrenik (apurtxo bat soilik bada ere) tipoa maitatuko duzue. Nire aldetik, birritan ikusi dut tipo hau zuzenean jotzen, eta bietan harritu nau. Bere milaka proiektuak jarraitu ditut eta beldur barik esan dezaket nire uste apalean munduko bateriajolerik onena dela. Baina hortaz gain, istorio xelebrez beteriko bizitza duela ere aurkitu dut (eta sarri ez zentzu onean).

Suposatzen dut tipoa Blink 182 taldearekin egin zela ospetsu estrainekoz. Taldeak kontzertu bat eman behar zuen eta bateriajole gabe zen. Norbaitek Travis aurkeztu zien, eta honek 20 minututan taldearen kanta denak ikasi zituen (tira, apurtxo bat luzeagoan, 20 minututan kantak entzuteko betarik ere ez zuen izango eta). Eta horren ondo egin zuenez, taldean geratu zen.

Taldeak kontratu on bat lortu zuen garai hartan (kontratu onen garaia zen hura, bai) eta orduan heldu zitzaion ospea. Taldeko beste kideek jotzeko eta abesteko klaseak hartzera behartu zituen konpainiak; Travis ordea horretatik at geratu zen. Ikasteko gutxi zuen jadanik. Baina praktikatzen jarraitu zuen, eta esperimentatzen, eta urteekin taldeaz gain dagoen ospea eta izena lortu du.

Ez zen kamaren laguna ez. Hitz egitekoa ezta. Bere elkarrizketa gutxi aurkituko duzue. Itxura bitxia eta deigarria duen arren, ez du inoiz kamaren arreta bilatu. Mundu guztiak jakin nahi zuen zerbait tipoari buruz, baina ez zen erraza. Gaur egun, aldatu den arren, oraindik ez da. Tatuaiek gora egin zioten, eta Miss horietariko batekin ezkondu (eta banatu) zen, baina oso hitz zalea ez da inoiz izan (ezta gaur egun ere, telebistan tatuaien inguruko programa batean agertzen denean). Kontzertuetan bere kideak isiltzea zaila zen, baina berak inoiz gutxi bota du hitzik (askotan eskatu dioten arren). Bere musikak eta jotzeko moduak nahikotxo esaten du, ziurrenik bere hitzek esan dezaketena baino gehiago.

 

Esperimentatzearen aldekoa bada, ordea. Bere talde/proiektuak ikustea baino ez dago: Transplants punk taldea, Blink 182 eta +44 punk-popa, bakarkako hip-hop diskoa, Yelawolf rapperarekin erdibanako lana… eta denetan moldatzen da ondo. Kritikak jaso ditu estilo aldaketa horiengatik, noski, baina halako kritikek bide onean zaudela baino ez dute azaltzen. Aitortu beharra dut: osorik eta behin baino gehiagotan entzun dudan hip-hop disko bakarra berea izan da.

Bigarren ospe puntua tristeagoa izan zen ordea: hegazkin istripu bat izan zuen, eta bera eta bere lagun bat baino ez ziren bizirik irten. Geroztik ezinezkoa du hegazkinetara igotzea eta itsasontziz mugitzen da munduan gora eta behera.

Albiste txarrak, tamalez, ez ziren hor amaitu: jasandako zauriak sendatzeko eman zizkieten sendagaiek kalte gehiago ekarri zituzten. Istripuak lortu ez zuena, medikuntzak sortu zuen. Bere laguna istripua gainditu eta urtebetera hil zen, gaindosi batek jota. Travis berak ere alkoholarekin arazo larriak izan ditu, mina eta dependentziak gainditze aldera.

Baina jotzen jarraitzen du, eta zaleontzat berri ona da hori (eta berarentzat baita, ziurrenik). Bere istoriaren xehetasunak wikipedian edota aldizkarietan aurki daitezke baina, urrunetik, garrantzitsuena bere musikak ematen diguna (eta utziko diguna) da. Ea agortzen ez den!

Musika eta dirua: Taylor Swift

Agian gurean ez du berebiziko oihartzunik lortu (nigan ez, behintzat) baina antza mundu mailan momentuko abeslari horietariko bat omen da Taylor Swift. Ez dakit zer momentutakoa, baina momentukoa. Aitorpena: bere azken disko osoa entzun dut zenbaitetan, eta abesti on batzuk baditu. Ospe edo oihartzun horren nondik norakoak ezagutzeko asmotan entzun nuen, nahiz eta musika entzuteko aitxakiarik behar ez den.

Dena den, hemen aipatu nahi dudana beste zerbait da.

Neskari (edota bere negozioa daraman jendeari) bere kantetako zenbait esaldi “erregistratzea” bururatu zaio. Hau da, inork ezin omen du bere kantetan agertzen diren esaldiekin kamisetarik, irudirik, ez bestelakorik saldu. Jadanik internet bidez halakoak saltzen dituen jendea salatu omen du (abokatuen bitartez). Ez, ez bere argazkiak, bere letretako esaldiren bat erabiltzen dutenak baizik. Hau, berez, txorakeriatzat har daiteke. Baina zer esaldi “erregistratu” duen ikusirik… Orduan bai dirudiela zentzugabekeria.

This sick beat ezin daiteke erabili. We never get out of style ezta. Eta horrelako beste zenbait.

Nire iritzia? Zerbait erregistratu nahi izanez gero, ganorazko zerbait erregistra ezazu. Hortan dabilela, pentsa ezazue bere garaian Nirvanari Nevermind hitza erregistratzea bururatzea. Edota gurean Urtz taldeak “kaixo, zelan?” erregistratu izana. Akaso hori komertzialki erabiltzearrean ordaindu beharko nuke? Kaleko esaldiak dira, egunerokoak, inora ez daramatenak eta aparteko esanahirik ez dutenak.

Nire uste apalean horrek abeslariari kalte egiten dio. Nik neuk, esaterako, tipa honi sekula zentimorik ez ematen saiatuko naiz. Bere pentsakera hori baldin bada, sekula ez diot (nahita) xoxik emango nire esku baldin badago (agian nire herriko liburutegiak haren diskoa erosiko du eta nire zergak horretarako erabiliko dira; tira…). Horrelako esaldi eskasak erabiltzearren dirua lortu nahi badu, berak sortuak bailira tratatu nahi baditu hitz komun horiek, nirekin jaimdu. Baina, beste behingoz, hori nire pentsaera baino ez da.

Benetan landutako ideiak eta hitzak darabiltzaten taldeen esaldiak erregistratuta ikusi nahiko nituzke. Willis Drummond-en zenbait letra behin eta berriz irakurri behar izan ditut haien esanahia ulertzeko, Berri Txarraken hitzak hiztegian bilatzeko modukoak dira sarri… Zerbait erregistratu behar baduzu, hortaz harro egoteko moduko zerbait izan dadila.

Nahi eta, ongi pentsatuz gero, neskatoari musika axola bailitzaio idazten dut hau. Agian hor dago akatsa.

Berri Txarrak #DDPB I, II, III eta IV

Zaila da Berri Txarraken kontzertu batera joatea eta zer espero dezakezun jakitea. Are gutxiago lau egun errenkadan joanez gero. Baina hori egin genuen guk (lau kontzertutara joan, ez espero genuena jakitearena). Bira berriko lehen hitzorduak Donostian ziren eta Intxaurrondora gerturatu ginen lau egunez. Inguruko tabernetakoak pozik izango dira gurekin.

2015-01-11 22.01.16Zaila da baita taldeak taula gainean igarotako 8 orduetan gertatutakoak laburtzea. Beharrik ere ez dago, ziurrenik. Beraz kontzertu horietako zenbait alderdi soilik aipatuko ditugu. Guk ez ahazteko, eta merezi duelako.

Ez hartu hau datozen kontzertuetan espero dezakezuena ezagutzeko gidatzat, ordea. Talde honekin halakorik ez baita posible. Ez hartu ezta bertan gertatukoen kronika seriotzat eta objektibotzat; hori, ere, ezinezkoa baita. Dena den, kontu objektiboak (fact!) eta iritziak banatzen ahaleginduko naiz. Ordenarik gabe, hemen doaz ideia mordoa.

 

 

  1. Disko berria

Fact: Azken lan osoa (bai, 3 zatiak) jo zuten 4 egunetan. Ez zuten diskotako ordena mantendu. Aldaketa gutxi egon ziren 20 kanten ordenan egunetik egunerakoan: Lanbroa hasteko eta Poligrafo bakarra amaitzeko, tartekoak ondoko argazkian agertutakoen ordena jarraitu zuten (hau da azken eguneko setlist-a).BerriTxarrak Setlist 2015-01-12

Iritzia: Egia esan, kantak zuzenekoan estudioko bertsiotan baino hobeak dirudite. Eta ez estudioko lana eskasa delako, ez! Euren artean Alegia aipatuko nuke, lehen diskoko soinuen eta Harraren arteko nahasketa itzela, nolabait taldearen estilo baten historia laburbiltzen duen kanta (nahiz eta taldeak estilo bat baino gehiago dituen dagoeneko). Taldearen gogoak gehitu kanta on askori eta imajina dezakezue hortik irteten dena.

Diskoak zalantzaren bat utzi badizu, zuzenekoak kenduko dizkizu, zinez.

Gorkak ostiralean esan zuen: “guk honetan sinisten dugu, eta horregatik erabaki dugu disko osoa jotzea”. Bertan egon ginen gehienok ere oso sinetsita irten ginen emanaldietatik!

  1. Kanta zaharrak

Fact: gau bakoitzean aurreko diskoetako 4 eta 7 kanta artean jo zituzten. Ostiral, larunbat eta astelehenean lehenengo disko berri osoa jo eta gero sartu zituzten kanta hauek. Igandean ordea tartekatzen joan ziren. Astelehenean leher eginda ikusten zitzaien, hortaz agian esperotakoa baino kanta gutxiago sartu izana.

Iritzia: aukeran, kanta zaharrak eta berriak tartekatzearena nahiago. Beste bizitasun bat ematen dio kontzertuari. Berri guztiak errenkadan joz gero, hauek zuzenekoan entzuten nituen lehen aldia izanik, beste gauza batzuetara adi nengoen. Azkenean ordu bete pasatzen duzu horretan, eta zaharrak horrela jotzea badirudi beste kontzertu bat hasten dela. Hala ere, modu batean zein bestean, berdin-berdin gozatuko duzu!BerriTxarrak Setlist 2015-01-10

  1. Oreka

Fact: Oreka kanta errepikatu zituztenen artean dago. Momentuz bertsioren batekin nahastu gabe aurkeztu zuten, nahiz eta igandean kantaren lehen akordeekin batera Gorkak “Keep on rockin’ in a free world” oihukatu zuen pare bat aldiz.

Iritzia: kantu hau aipatzea erabaki dut, nolabaiteko ikur bihurtu delako taldearen bidean nonbait. Egia da baita Denak ez du balio ere 3 gautan jo zutela, baina tira, hau berezia da. Uste dut ez naizela hori uste duen bakarra.

Arraro egiten da tarteko bertsiorik gabe entzutea kanta hau jadanik, taldearen klasikoetariko bat zen! Geldialdiak, punteoak, beste kantak, denetarik gehitu izan zaio ereserki moduko honi urteetan zehar. Hala ere, guzti hori kenduta ere ez du indarrik galdu.

  1. Luzapena

2015-01-12 21.08.58Fact: gau bakoitzean 2 ordu inguru eman zituen taldean eszenatoki gainean. Astelehenean gutxixeago, 15 minutu gutxiago gutxi gora behera.

Iritzia: azkar pasatzen da, oso!!! Beste ordubetez jo izan balute ere, uste dut bertan ginenok pozik geundekeela. Gainera, eta aipatu bezala, badirudi 2 kontzertutan egon zarela: lehen diskoa jotzen dutenekoa bat, eta aurreko kantekin beste bat.

  1. Talde bat

Fact: talde bezala jotzen dute, eta talde bezala jokatzen dute.

Iritzia: igandean gertakizun esanguratsu bat eman zen. Gorka une batez Daviden lekura gerturatu zen eta, nahigabean, “desentxufatu” egin zen. Kablea zegokion lekuan jarri zioten arren, bere mikrofonoari bueltan zela berau trabatu zitzaion eta garaiz iritsiko ez zela ikusi zuen. Hortaz, Daviden mikrofonotik abestea erabaki zuen. David-ek ordea hau ikusi eta laster egin zuen Gorkaren lekura honen pedalak maneiatzera.2015-01-11 22.19.54

Sarri ikusi izan ditut halakoak beste taldeetan. Normalean teknikariren batek zapaltzen ditu pedalak, edota kantaren tarte hori letra gabe geratzen da, abeslariak bere lekua galdu nahi ez duelako.

Taldearen egoeraren metafora iruditu zitzaidan une hau.

  1. Zalegoa

Fact: adin orotako jendea batu ginen bertan. Adin orotako jendea zen lehen lerroan eta azkenean. Ezagunak, baita, eta ugari.

Iritzia: 20 urte daramatzate jotzen. Gutariko askok, gutxienez 17 urtez jarraitu izan dugu taldea. Gure adina gora doa. Eta hala ere, taldearen estiloa 18 urteko edozein taldek nahiko lukeena da. Adin aniztasuna taldearen zalegoari eskatu ahal zaion gutxienekoa da. Gehitu haien estiloan izandako aldaketak eta EHan dugun talde eskasia, eta gerturatu ginenen heterogenotasuna asma dezakezu.

Musikako hainbat dinosaurok ez bezala, gazte sentiarazten zaituen taldea da hau.

  1. Hobetzeko aukera

Fact: esan bezala, kanta berriak primeran entzuten dira zuzenekoan.

Iritzia: ostiralekoa kontzertu ona izan bazen, larunbatekoa hobea iruditu zitzaidan, eta igandekoa are hobea. Kantak lehen aldiz dabiltza aurkezten eszenatoki batean, beraz hobetzeko aukerak nabarmenak dira. Gutxika bada ere, kantek estudioko bertsiotik eboluzionatu eta berrikuntzak agertzen hasten dira. Eta ez dut esaten soilik Lemak, aingurak dantzagarrian “Donostia dantzan jartzeko trabak” edota “Intxaurrondo dantzan jartzeko trabak” esan zutelako, ez.

Polita izan behar du kanta hauek hilabete batzuek barru berriz ere entzuteak.

  1. Hitzak

Fact: Gorkak eta Davidek lehen baino askoz gehiago hitz egiten dute eszenatokian. Bai euren artean zein zalegoari.

Iritzia: gero eta erosoago daudelaren seinale, gero eta zalego gertuagokoa nabaritzen dutelaren ikur, transmititzen duten mezu horrekin gero eta ziurrago agertzen direlako, gustura hartzen dute mikroa kantak azaltzeko, pentsamenduak azaltzeko, haien talde sentimena agertzeko.

Gorkarekin barre egin genuen, ikasi egin genuen, eta batez ere entzun egin genuen, adi-adi entzun. Bere lotsati kutsu hura soinetik erantzi ezinik, noizean behin Davidek horretan lagundu egiten dio (eta baita adarjoka aritu baita noizean behin; halako batean barre artean Davidek Gorkari “mozteko” esan zion, Gorka bere mezuarekin luzatzen ari zelaren bistan). David berak ere gero eta hitz gehiago egiten du, oraindik bere posizioa beste bat den arren (“Galder makina” oihukatu zuen norbaitek Gorkaren hitzaldia moztuz, handik gutxira “Gorka makina” beste batek honi animoak eman nahian edo; laster agertu zen David, “eta ni zer?!?” kexaka. Duela ez horrenbeste, halakoetarako konfiantzarik ez zuen).2015-01-12 21.25.33

Zenbait unetan publikoaren elkarrizketan ari zirelaren itxura zuen kontzertuak, egia esan. Euren letrak asaldu guran, galderak bota zizkigun Gorkak zenbaitetan, irakasle batek egingo zuen gisa. Bestetan, ea diskoa entzun gabe gerturatu ote zen jakin nahi izan zuen. “Gustora, ezta?” galdetu Davidek barre artean zien baiezkoa erantzun zutenei. (Bide batez, haietariko batzuk diskoa erosi zuten irteeran.)

Bai, gustura egon ginen bertan, eta ez soilik musikak hitz egiten zuenean.

  1. Hiru

Fact: 3 taldekide dira, eta 3 disko atera dituzte azken lanean.

Iritzia: eta hau oso iritzi pertsonala da. Sutxakurrak Galderren diskoa da, Xake-mate kultural bat Davidena, eta Helduleku guztiak ordea Gorkarena.

Galderren soinuak bereiziki egiten dute distira Sutxakurren kanta denetan. Ezin esan besteetan txarto dabilenik, baina honetan bere abileziak hobeto erakus ditzakeela iruditzen zait, zuzenekoan behinik behin.

David poz-pozik agertzen da Xake-mate kultural bateko kantetan. Zerbait asmatuko duguko sarreratik Hitzen oinarri ahularen estribillora arte. Benetan sentitzen ditu eta ez du istant bat bera ere geldi ematen.

Helduleku guztiak, 3 diskoetan intimoena izanik, Gorkaren diskoa dela iruditzen zait. Ardura gehiago hartzen dute bere ahotsak eta bere gitarrak. Bere unea da.

Hau guztia diot, uneren baten ere talde itxura galtzen ez duen hirukote bati buruz. Tira.

  1. Teloneroak

Fact: ostiralean Altxatu Nafar gazteak aritu ziren, larunbat eta igandean Not Scientists Frantziarrak, eta astelehenean inor.Altxatu - Intxaurrondo

Iritzia: Altxatu talde gaztea izan genuen ostiralean. Eta gaztea diodanean, benetan gaztea esan nahi dut. Zaila da sinistea dagoenekoa 2 disko dituela hirukoteak kalean! Musikalki rock-a eta punk-a jorratzen dute; momentuz, punkean erosoago aurkitzen dira (RRV garaiko punka gainera). Egia esan, Hitza eta Hizkuntza kantua entzuna nuen irratian eta ez nuen oso atsegin; zorionez, beste kantak hori baino askoz hobeak direla aitortu behar dut. Bestalde, abeslaria eszenatokian jaioa dela ematen du: ederki mugitu gintuen gora eta behera, barre eginarazi (bai kanta, batez ere Me repite el bakalao delakoarekin, zein hauen sarrerekin), beraien xehetasunak kontatu (kuriosoa benetan Asma kantuarena, bertsio bat berau) eta amaiera aldera gure txalo beroak irabazi. Ibilbide luzea izango du talde honek, ziur. Hauek entzuteko garaiz sartu ginenok primeran pasa genuen.Not scientists - singer

Not Scientist Frantziarrek ere punka jorratzen dute, baina beste punk itxiago bat, Ingelesagoa agian. Zaila da haien kantuak bat-batean preziatzea. Soinu ona dute, eta estiloa oso markatua (nire aldetik oso gustuko dudan estiloa dela aitortu behar dut), eta agian horregatik eman zituzten emanaldi bi. Indarrez beteak daude, zalantzarik ez.

  1. Eszenatokia

Fact: azken diskoaren estetika jarraitzen duen oihal atzealdean, eta etxe itxura sortu nahi zuten apur batzuek ertzetan. Eta baterian apaingarri polita.

Iritzia: taldeak inoiz ez dio aparteko garrantzirik eman eszenatokiari. Oraingoan, aurrekotan baino zertxobait gehiago landu duten arren, ez da apartekoa izan ezta. Zeresan gehien sortu zituena, noski, bateriaren apaingarria. 2015ean argazkirik gehien jasoko duten objektuen zerrendara doa zuzenean. Bide batez, ordenagailuaren arratoia ikusten zen noizean behin atzeko oihalean!2015-01-11 01.04.04

Aukeran, askoz aipagarriagoa suertatzen zait kamiseta berrien diseinua: agur diskoaren portada inprimatze hutsari (eta pozten naiz!!)

  1. Aurrerantzean

Fact: bira honetako beste kontzertutara joango naiz. Edota ahaleginak egingo ditut, behintzat.

Iritzia: egia esan, lau kontzertuen artean barietate gehiago espero nuen. Gauzak gehiago aldatzea egunetik egunera. Tira, nire errua, halakoak espero izatearren. Baina hala ere astelehenean oraindik azken kontzertua entzuteko gogoz nengoen. Eta asteartean bosgarren bat entzungo nukeen poz-pozik. Ikur hobeagorik ez dago.

Nolabait, 4 kontzertuak kronika hau baino laburragoak izan zirelaren sentipena dut…