Blogaren artxiboa

Musikalki, zer espero dezakegu 2017an Euskal Herrian?

2017a hemen dugu, eta honek ekarriko duen musikaren zain gaude. Zer da gogo biziz espero duguna?

Norbanako bakoitzak bere zaletasunak izango ditu, beraz agian “zure” taldeak ez dira hemen agertuko. Hala ere, 2017rako espero ditzakegun zenbaiten zerrenda dakarkigu hemen. Zuk bestelakoak espero badituzu, egin zurea… eta jakinarazi iezaguzu! 😉

  1. Talde berriak

Talde berri esanguratsuenen artean, gogo gehien sortzen dituena eta aurten espero dezakeguna Dekot taldearen lehen lan luzea izan daiteke esanguratsuena. Aurkezpen EP bat eta gero (lehen maketa esaten zitzaion hori), langa oso goian jarri dute eta ikusmin nahikotxo sortu dute. Ikusiko dugu… espero. 0007047716_10

Mugimendu berriak finkatzen joatea ere espero dut. Empty files taldearen kasua jarriko dut adibide gisa: gutxika eta etengabean, beraien musika “ezberdina” hedatuz joatea eta leku berrietara heltzea espero dezakegu. Agian, gainera, “disko” berria izango dute aurten. Beste hainbat talde txiki ere bueltan eta euren bidea zabaltzen jarraitzea espero dugu, hala nola Haxotz edota Estankona; agian ez dira horren berriak jadanik, baina argi dago ibilbide luzea izan dezaketela aurretik.

Gauza bera esan dezakegu Altxatu talde gazteari buruz: disko berria laster izan beharko lukete, eta horrek esango digu nora heldu daitekeen talde hau…

  1. EHko talde “handiak”

Gure “big guns”-ei buruz hitz egin behar baita, sarri berriak bereganatzen dituzten horiei buruz. Ez dira hobeak ez txarragoak, baina nolabaiteko status batera heldu dira jada.

Eta hala ere, mugimendu gutxi aurreikusi daiteke arlo honetan hasi berria den urtean…

Ez dago oso argi Berri Txarrakek aurten lan berria argitaratuko ote duen ala ez. Antza, duela urtebete zalantza izan zuten: disko berria prestatu ala jotzen jarraitu? Bigarrena aukeratu eta gero, aurten ere albo-proiektuetan aurrera egingo dutela dirudi. Agian zerbait prestatzen hasiko dira, baina ez dirudi aurten lan luze berri bat ekarriko dutenik. Nahiz eta ezin ziur esan… Ez dirudi ezta EPen moda horretara lotu daitekeen taldea izan daitekeenik
Belako - Kultur Kutxa 2016
Belakorengandik zerbait espero dezakegu ostera. EP ala disko osoa, ez dago oso argi. Baina Hamen bira amaitu eta gero (nahiz eta, gaur egun, bira kontzeptua ez dagoen oso argi; jotzen jarraituko dute, behintzat), beraien hurrengo urratsak zeintzuk izango diren ez dago erabakita. Ziurrenik, besterik ezean, kanta berriak prestatzen hasiko direla laster; argitaratu ala ez, beste kontu bat da… Berri Txarrakekin gertatu bezala, posible da baita 2017 goizegi izatea.

Sutagar beraien bira ezberdin horretan murgilduta jarraituko dute (baietz zuzeneko diskoa atera?). Ezin disko berririk espero azkena argitaratu berri duten horietatik: Zea Maysek atera berri du, gauza bera Gatibuk eta Willis Drummond-ek, Sorkun eta Anari antzerako, ez da horren urrunekoa Niña Coyote eta Chico Tornadorenak ezta, ez edo Kaotiko moduko beste asko…

Ziur ordea Esne Beltza / Xabi Solanok zerbait aterako dutela, kolaborazio edota kanta solteren bat bada ere. Antzerako zerbait Ferminen kasuan. Akaso Hesian lan berri batean lanean hasiko dira, baina ez dago oso argi aurten kaleratuko ote duten.

Edonola ere, goiz da: gogoratu Euskal Herrian Durangoko Azoka gerturatzen denean agertzen direla lan gehienak

  1. Talde bereziak

Erdibidekoak sartuko ditugu hemen: jadanik berriak ezin kontsidera daitezkeen horiek, baina handiak edota guztiz kontsolidatuta ez daudenak. Bai, oso sailkapen arraroa da hau…

Oso disko berezia jaso beharko genuke aurten: Ekizaren zuzenekoa. Grabatuta du jada, hortaz azken ukituak ematen arituko da. Bere lehen diskoak denborarekin izugarri irabazten duen horietarikoa izanik, eta bere zuzenekoak duen xarma berezi horren argitan, gogo biziz espero dugun diskoa da hau.Ekiza - WD - Bonberenea

Honengandik gertu ibiliko da Joseba B. Lenoir. Musikari ipurterreak zerbait sortzearen alde apostu egingo genuke, bai bakarka zein beste talderen bati lotuta. Ikusiko. Akaso horrenbeste taldeen itzulerak Sexty Sexersekoak animatuko ditu…

Pertsonalki, Viva Bazooka bikotearen disko/EP berri bat ere espero dezaket, baina horren talde bitxia izanik, auskalo…

Badira beste zenbait talde beraien lekua bilatzen jarraituko dutenak, eta ziurrenik zerbait berria eskainiko dutenak aurten. Rural Zombies edota Libe modukoen kasua da. Espero lehen aipaturiko Estankonak ere kategoria honetara ematea saltoa laster, akaso bakarlariek azkenaldian jasotzen ari diren arreta guztia profitatuz. Haien esperoan!!

  1. Zuzenekoak

Jaialdiei dagokionean, bat nabarmendu behar besteen gainetik: Hatortxu Rock-ek 20 urte betetzen ditu… eta oso formatu bitxia dakar aurten. Talde handi asko, ezusteko nahikotxo, eta oso data polita izatearen itxura hartzen. Handien artean, badirudi LastTour-en bi ikonoek behera egin dutela zertxobait, bai BBKlive zein ARF-k bestetan baino kartel pobreagoa eskainiz; diru kontuak, nonbait. Ikusi behar bitartean ea Donostiako Kultur Kutxak bere goranzko bideari eusten dion.htx20_ss_1_fasea_web_kabezera-800x290

Guk, bitartean, gureei eutsiko diegu: ezin galdu 40 Minutu Rock edota EHZuzenean, Euskal Herriko jaialdi handia!

Eta ezin ahaztu, “bitxien” artean, Bidehuts-ek 10 urte betetzen dituela. Ziur ospakisuna ere bitxia izango dela. Zorionak, talde!

Atzerriko taldeei dagokionean, badirudi Guns’n’Roses-en Bilboko kontzertuak emango duela zeresana: musikalki ez bada ere, sarreren prezioarengatik gutxienez! Hala ere, zenbait talde jadanik gurean izan ditugu, hala nola Sum 41 (sekulako show bat eskainiz), edota laster helduko dira, Me First and the Gimmie Gimmies kasu.

Eta bertoko taldeei dagokionean, talde anitz ditugu biratzen une hauetan, beraz aprobetxatu! Kokein, Willis Drummond, Kaotiko, Huntza, Enkore… Aukera eder asko!

  1. Joera

Talde puntualetan erreparatu gabe, aurtengoan bi joera nagusi antzeman daitezkeela dirudi:

Argi dago revival moduko bat biziko dugula aurten. Pi.L.t, Kerobia ala Ekon moduko taldeak bueltan izango ditugu, eta ziurrenik ez dira azkenak izango: Piperrak-en hondarretatik ere talde berria dugu, esaterako. Zentzua du mugimendu honek: nolabait, iragan garaiak egunekoak baino hobeak direlaren sentsazioa izatea laket dugu batetik; bestetik, musika kontuetan dirua gastatzeko moduan gaudenok gero eta adintsuagoak gara, eta sarri beste garai batzuetako taldeetara egiten dugu… Ez dirudi ordea mugimendu hau diskoetan bihurtuko denik, zuzenekoetara mugatuko direla ematen du. (Bide batez, badakigu zenbait talde ia urtero “itzultzen” direla, Potato kasu: hauek ezin hemen sartu.)16107307_1301853119882462_3541183548981870345_o

Bestalde, zenbait hype fenomeno ere agertzen hasi dira gurean. Agerikoena, nire ustetan, Izarorena da: bere diskoa ez duen, entzun ez duen eta, zenbait kasutan, bere zuzeneko bakar bat ikusi ez duen zenbait pertsonari entzun diot “oso ona” dela esaten. Eta ez dut nik esango ona ez denik, ezta gutxiago ere, baina gurean ere gutxika bada ere hype fenomenoak agertzearen adierazgarri bat iruditzen zait. Gehiago izango ditugu aurten, ziur naiz. Hau ez da ona ez txarra: musika hedatzen den bitartean eta ateak zabaltzen dituen heinean, primeran!

Ziur ehundaka disko berri jasoko ditugula aurten Euskal Herritik, zenbait formatu fisikoan, eta baita soilik digitalean geratuko direnak, bai edo binilora arte helduko direnak ere. Ongi etorriak izango dira denak, eta gogo handiz esperoko ditugu! Eutsi!!

2016ko zuzeneko onenak

Zuzeneko bat ona izateak asko eskatzen du: talde/musikariak egun ona izatea, abesteko material ona izatea, akustika, lekuaren xarma, zalegoaren erantzuna… Ez da erraza kontzertu bat “ona” suertatzea, eta neurri beretsuan ez da erraza kontzertu bat ona izateko zer behar duen definitzea.

Subjetibotasun hortatik abiatuta (eta ikusitakoen arabera), hona hemen urte honetan izandako 10 zuzeneko onenak, zerrendatuta. Kanpoan geratu dira El Drogasen Iruñeako makrokontzertua, Hesian taldeak Durangon eskainitako eta lagunez beterikoa saioa, Damien Juradoren etorrera, Zea Mays edo Kokein-en itzulera, edota Bullitt-ek azken aspaldi luzean eginiko lehen bisita, besteak beste…

10. Yellow Big Machine, Donostia (Kultur Kutxa Festibala), Irailak 3

Zaila da festibal batean kontzertu ona eskaintzea. Are gutxiago egunez izanik, eta eszenatokia bide erdian egonda. Ba sekulakoa montatu zuen laukoteak zalegoaren laguntza medio!
P1110182

9. Willis Drummond, Durango (Plateruena),

Urte honetako itzulerarik eskertuena talde honena. Uda partean minibira bat antolatu eta gero, azken diskoa aurkezten hasi berri dira eta kanta berriak gorantz doaz. Kontzerturik onenak etortzeko daudela uste dut (Gasteizen beti antolatzen ditu sekulakoak talde honek!)

imagen111

8. Grises, Donostia (Dabadaba)

Kuriosoa da: eszenatoki handietara ohitutako taldea, oso ondo funtzionatu zuen horren leku txiki batean. Zalegoaren gertutasunaren kontuak… edota talde guztiak eta, bereziki, Eñautek agertzen dituen gogoak gertuagotik ikusteko aukera eskaini zutelako.

7. Joseba B. Lenoir Gang, Ondarroa (Portuko Ranpi), Maiatzak 17

Bere garaian esan nuen: musikalki, sekulako taldea antolatu du Joseba B. Lenoirrek, eta talde gisa izugarri ondo funtzionatzen dute. Lekua, gainera, primerakoa izan zen.

6. Berri Txarrak, Otxandio (Gaztetxea),

Berri Txarraken tamainako talde bat gaztetxeetan jotzen jarraitzea sekulakoa da. Horri Jaio.Musika.Hil bere osotasunean jotzea gehituz gero, emaitza primerakoa izan zen. Gehitzekorik ez!!
(Otxandion audioarekin zenbait arazo izan eta gero, Durangoko saio bat utziko hemen)

5. Peiremans, Durango (Plateruena), Martxoak 17

Durangokoa moduko plaza hotza abesten jartzea lortu zuen laukoteak. Agian taldekideei agurra dudamudatan jartzeko moduko gaua izan zen…

4. Belako, Elorrio (Gaztetxea), 2016-12-23

Talde honek aurten Azpeitian edota hainbat festibaletan emandako kontzertuak onak izan dira, bai, baina hau berezia izan zen. Horren leku handietan jo eta gero, honen leku txiki batean jotzea eskertzekoa da oso. Eta gainera gaztetxean. Soinua agian ez zen munduko onena eta ezin izan zuten beraien ohiko kontzertua antolatu (esaterako, bateria atzean jarri behar izan zuten), baina zalegoaren erantzunak hori eta gehiago konpentsatu zuen. Crowdsurfinga eta guztiz egon zen! Momenturik bereziena: Sea of Confusion abestia amaitu eta areto guztia hura abesten jarraitu zuen. Taldeak, ezinbesteak, beste behingoz ekin behar izan zion kantari!!

3. Gorka Urbizu, Zarautz (Modelo), Maiatzak

Agian kontzertu batera gindoazela ez genuelako uste, agian jendearen gogoengatik, edota akaso lekuaren berezitasunengatik, sekulako saioa eskaini zuen Gorka Urbizuk bakarkakoan. A bai, filma bat egon zen baita… 🙂

2. Bruce Springsteen, Donostia (Anoeta), 2016-05

Gurean 2016an egon den mainstream ekintzarik aipagarriena da hau agian… eta ezin hobea izan zen. The Boss-ek zerbait egiten badaki, modu guztietako entzulegoa zelan ase daitekeen da: kanta ezagun pila jo zituen, zalegoarekin interakzionatu zuen behin eta berriz, barre egiteko eta gai serioak uneak aurkitu zituen, kanta ez horren ezagun nahikotxo ere jo zituen, bertsioren bat edo beste, bisak eta bisak jo zituen, eta amaitzeko This Hard Land-en sekulako bertsio bat utzi zigun. A, eta euskeraz bertoko hainbat taldek baino hitz gehiago bota zituen… Okerrena, agian, prezioa, nahiz eta Guns’n’Roses-ek egun hura merketu du…

  1. Ekiza, Donostia (Doka), Martxoak 17

Lekua, aparta. Soinua, primerakoa. Zalegoa, gogotsu. Eta musika, berezia, oso. Gerora beste hainbat lekutan ikusi izan dut Ekiza zuzenekoan, eta hainbatetan kanta bitxiak jo zituen eta akaso norbaitek esango dut setlist hobea aukeratu zuela, baina kontzertu hau bestelakoa izan zen.

Belakoren bidean

2012ko Ekaina.

Durangoko Plateruenan Berri Txarrak-ek jotzen zuen gau hartan. Normalean telonero lanetan aritzen den taldea ikusteko ohitura izaten dugu, baina egun hartan berandutu ginen eta telonero horren saioaren erdialdera heldu ginen. Durangoko Antzokian beti hartzen dugun iskinan ezarri ginen eta haiek entzun genituen. Haien izena zein zen ere ez genekien.Belako

Gazteak ziren, oso, telonero lanetan ziharduen talde hartakoak. 2 mutil eta bi neska zeuden taula gainean, teklatu eta guzti, eta soinu potentea egiten zuten. Zaratatsua, agian. Teklatuaren presentzia nabarmena zen taldean, zenbaitetan gitarrak estaltzeko puntura arte ozena; ez da oso arrunta hura. Nesken aurpegiak ikusi ere ezin genuela oroitu dezaket, ilea luze eta aurrera botata zuten eta. Mutilak nahiko lotsatiak ziruditen. Taldekide guztiek 16 urte inguru zituztela iruditu zitzaigun.

Kanten haria ezin izan nuela hartu ere oroitu dezaket, melodia zein zen ezin aditu. Ideia musikal ona zela hura, baina zerbaitetan gauzatzetik urrun zegoela. Urbizuk gero “gogor dator gazteria” esan zuen laukote hau aipatuz, eta benetan gogor zetorrela pentsatu nuen, baina gogortasun hari oraindik bestelako asko falta zitzaiola ere pentsatu nuen.

Talde haren izena Belako zela ez nuen jakin une hartan.

2013ko Apirila.

Betelu ingurutan mendi buelta bat emateko plana egin genuen lagun batek eta biok igande hartan. Kasualitatez, noizean behin Twitterri botatzen dizkiodan begirada azkar horietariko batean, Berri Txarrak-ek Lekunberriko Kantinan kontzertu bat emango zuela irakurri nuen. “Aizu” esan nion lagunari, “zer iruditzen menditik jaisterakoan Lekunberrira gerturatu eta kontzertu honetarako sarrerak lortzen ahalegintzen bagara?” Ideia ona zirudien, eta saiatzea adostu genuen.

Noski, txio hura txarto irakurri nuen: Berri Txarrak-ek idatzia zen arren, ez zuen euren kontzerturik iragartzen, beste talde batena baizik. Baina ez ginen hortaz ohartu askoz beranduago arte.20160227_020656

Kantinara arratsaldeko lauak aldera gerturatu eta bertako tipoari geroko kontzerturako sarrerak erosi genitzakeen galdetu genion. Tipoak harridura aurpegia jarri zuen. “Bai, baina hori geroago. Kontzertuaren orduan salduko ditugu.”

Harridura aurpegia gurea izan zen orduan. “Ados… baina ez al dira agortuko? Badakigu igandea dela, eta Lekunberrin jende askorik ez dabilela, baina, ez dakit… Agian…” Tipoaren susto eta barre aurpegia ikustekoa izan zen. Ezetz esan zigun, lasai egoteko, arazorik ez zela egongo. Eta guk, batere sinetsita egon ez arren, handik alde egin genuen beranduago itzultzeko asmotan. “Ikusiko duzu, baietz gero jende pila etorri Berri Txarrak ikustera…”

Tipoak arrazoi zuen. Zortzietan hasten zen kontzertua eta 19.30tan inor gutxi zebilen handik. Zerbait arraroa gertatzen ari zela susmatu genuen. Twitter hobeto irakurri, han inguruan kartelen bat ikusi, eta gure akatsaz jabetu ginen: Belako izeneko talde bat omen zen han jotzen zuena. Aix!!

Tira, bertan geundela aprobetxatuz kontzertua ikustera gelditzea erabaki genuen. Kantinaren kanpoaldean mahai batean eseri eta haren zain geratu ginen. Alboan tipo gazte bat genuen, Berri Txarrak taldearen kamiseta soinean, gurasoak ziruditenekin hizketan; kontzertu hark oso zalego anitza erakarriko zuela pentsatu genuen lagunak eta biok, semeak eta gurasoak haiek ikustera gerturatzen baziren.

Halako batean gazte hura altxatu eta ordua zela esan zien guraso ziruditen haiei, eta jotzera joan behar zuela, eta barrura egin zuen. Guk, harrituta, berdin egin genuen.

Eta han agertu zen laukotea berriz. Hasieran ez nituen ezagutu, baina kontzertu erdi aldera Durangoko haien antza zutela iruditu zitzaidan, eta etxera itzultzean hura konprobatzeaz ez ahazteko esan nion nire buruari.

Kontzertua izugarri gustatu zitzaidan. Teklatu, kable eta halakoekin mila arazo izan zituzten, baina sekulakoa izan zen. Lisäbo-ko taldekideren bat ere handik zebilela oroi dezaket, eta haiek ere pozik ziruditen. “Hauek zer egongo ote dira” galdetu nion lagunari, “unibertsitatean edota institutoan?” Gero abeslariak saioa amaitzen hasi behar zutela adierazi zigun, hurrengo egunean klasera joan behar zuten eta. Ez zigun esan zer klasetara ordea.

Amaieran salgai zuten diskoa erosi nion kontzertu aurretik gurasoekin ikusi genuen tipo hari, bateria joleari hain zuzen ere. Izena Lander zuela ezagutuko nuen gero. Tipo jatorra zirudien, eta jendeak haien diskoak erosi nahi zituelako pozik ere bazirudien. 10 euro eman nion eta, itzuli beharreko 2 euroetarako txanponik ez zuelako, bueltakoa gordetzeko eskatu nion.

Diskoa izugarri gustatu zitzaidan.

2016ko otsaila

Asteburu honetan Belakok Azpeitian jo du. Estatu mailan arrakasta dexente lortu dute azken urteotan, musika jaialdi nagusienetan agertuz, eta kritika bikainak jasoz gainera, bai zuzenekoei zein diskoei dagokionean. Argazkietan jadanik ez dirudite horren gazteak; zuzenekoan ezta. Aurreko batean Gaztezulon irakurri nien ezin dutela musikatik bizi, baina jotzen egon diren leku eta jaialdiak ikusita, ez dut uste denbora luzea beharko dutenik horretara heltzeko.

Gauza asko aldatu dira Belakon azken urte pare honetan. Edo hala iruditzen zait niri behintzat. Hasteko, teloneroa dute, ez dira: Rural Zombies Zestoatarrak aritu ziren lan horretan. Baita ondo aritu ere, sorpresa polita izan baitzen haien musika ezagutzea (diskoa entzunda nuen aurretik baina ez zidan apartekorik esan, zuzenekoan asko irabazten du).

Ez zen hori aldatu den gauza bakarra: taldearen presentziak izugarri egin du gora. Taula betetzen dute orain, akabo xalotasuna. Soinua, hasieran bezain boteretsua den arren, beste ziurtasun bat transmititzen du, egin dutenaz ziur daudela argi uzten dute lehen akordeetatik.

Taldekide guztiak bata bestearen alboan kokatzen dira zalegoari begira, kide guztien berdintasuna agertu nahian agian. Eta ez da berdintasuna agertzen duen keinu bakarra: lehen kanta Lorek abestu zuen, bigarren Iosuk, eta hirugarrena Crisek: talde honetan denek pisua dutela adierazteko beste modu bat. Hala ere, egia esan nik Lander bateriajolea ertz horretan ikustea ez dut oso gogoko, nahiago nuke erdialdeko posizio bat hartuko balu!

Dena ez da primerakoa dena den: oraindik soinu arazoekin zebiltzan eta une kuriosoak agertu ziren, 3 kanta jarraietan kide batek eszenatokia utzi zuelarik besteak han utziz. Une horiek kontzertuko ahulenak izan ziren, soilik taldekide guztiak zeudenetan agertzen baitu indarra euren soinuak. Lehen kontzertu hartan izan zituzten kable arazo guztiak eta nahasketa une batzuk etorri zitzaizkidan burura. Zenbait gauza ez dira (agian) sekula aldatuko!

Eta orduan Nina Simoneren bertsio hori heldu zen, eta dena aldatu zen.

Une horretatik aurrera kontzertu bat izateari utzi eta jai bat edota show bat izatetik gertuago egon zen. Gau euritsu hartan mugitzeko gogo gutxiz zegoen Azpeitiako zalegoa itzartu zen, eta ez zen amaiera arte gelditu. Bazirudien inork gutxik nahi zuela hura amaitzea; nik ez behintzat. Dantzatzeko uneak egon ziren, eta Kurt Kobain gogora ekarri zidatenak, eta bestelako asko ere. Eta denak onak izan ziren.

Bai, talde ezberdin bat da orain Belako. Eta, entzundakoaren arabera,

  1. urte askotan izango dugu gure artean
  2. oraindik buelta asko emango ditu eta ziurrenik hainbat aldaketa jasango ditu. Eta ziurrenik aldaketa onak izango dira.

Gauza asko aldatu dira Belakon bai baina garrantzitsua ordea ez: sekulako musika egiten jarraitzen dute.

Ea istorio honen hurrengo kapituloa idazteko aurrekoetan bezainbeste denbora uzten ez dudan…

Setlist Belako Azpeitia 2016-2-27

Setlist Belako Azpeitia 2016-2-27

Belako eta “Belako soinuaren” itzulera

Aurrekoan, Ekizaren diskoari buruz idaztean, azken aspaldian gehien espero izan dudan diskoetarikoa zela nioen. “Diskoetarikoa” nioen eta ez “diskoa”, bai, Belakoren hau ere duela luze espero bainuen. Heldu da, kostata eta EP horien ostean, baina heldu da.

Disko honi buruz hitz egiteko, besteko modu batean kontatuko gauzak. Kronikak idaztea erraza ez denez, diskoa entzun nuenean gertatutakoak kontatuko ditut hemen, nolabaiteko orden kronologiko bat jarraituz. Ea zuei antzerako zerbait gertatu ote zaizuen:
album
Diskoa lortu bezain pronto gogo handiz play dioen botoitxoa sakatu nuen (biniloa esku artean izateko itxaron beharko). Titulua begiratu eta “Fire alarm” zioen hark. Estudio ahots batzuk eta riff potente eta hipnotiko bat hasten da. Hasiera suabeagoa espero nuen baina entzuten dudana atsegin dut, oso. “Belako soinua” du, zalantzarik ez. Disko bakarra eta jadanik “Belako soinua” delako zerbait existitzen da!

Kantua amaitu orduko gustatuko zaidala badakit. Potentea, indartsua, bizia, bi mundu musikalen nahasketa mantentzen du honek. Ondo. Pozik nago. Kontzertuetan pentsatzen hasten naiz.

Bigarren kantuak izenburu euskalduna du (Guk Emanez), abestu ingelesez abesten duten arren. Hau ere ondo. Rockeroagoa, oinarrizkoagoa, baina oso ondo. Indartsu. Hirugarrena bezala. Eta laugarrena. Entzuten dudana gustatzen zait. Itxaron izanak merezi izan du. Track sei-ra heltzean urteko disko onenetariko baten aurrean nagoela ziur nago.

Ea ba: ez du lehen diskoaren soinua, baina horren ezberdina ere ez da. Helduagoa edota, halakorik esan badaiteke, esperimentalagoa da. Oinarria mantenduz pausu bat harago eraman nahi izan dute haien soinua. Produkzio landuagoa baina bat-batekotasun ukituekin. Eta ondo erditu dute. Hori bai, lehen diskoaren soinua ez duen neurri bertsuan, EPetatik urrun dagoela iruditzen zait, nahiko urrun…

… gauza arraro bat entzuten dudan arte: kantu errepikatu bat. Bai, Bele Beltzak diskoko Mum kantua agertzen da hemen. Kantu zerrenda begiratu eta Crime ere hemen dagoela ikusten dut. Berau entzun eta aurreko bertsio berdin berdina dela entzuten dut. Sekulako kantak dira, bai, baina berdin-berdinak dira. EPetan sartu zituzten kanta berdina sartu dituzte hemen berriz. Tira, ez naiz halakoen oso zalea, egia esan. Diskoaren lehen puntu ahula.

Bi horien tartean Hegodun Baleak kantua dator. Nire ustez diskoko ahulena agian. Gerora jakingo dut irratian bueltaka dabilela; auskalo nork eta zergatik aukeratu ote zuen hura single moduan, argi dago lan honek askoz kantu hobeak gordetzen dituela.

Amaierak ordea gora egiten du: Nina Simoneren bertsio bat. Bertsio on bat, hobe esanda. Berriro ere disko on baten aurrean nagoela sentitzen dut. Oraindik beste kanta bat falta da, disko guztiko elektronikoenetarikoa. Oso esperimentala, hasierako kantuen kutsu indartsu harengandik oso urrun.

Asteak pasa dira honetatik eta nire iritziak ez du aparteko aldaketarik jasan. Oso disko on baten aurrean gaudela uste dut, bere une ahulak dituen arren. Zuzenekoetan oso ondo funtzionatuko duten kantuz betea dagoela uste dut. Eta, hori aipatuta, zuzenekoetan pentsatzen hasi naiz beti… Laster…