Blogaren artxiboa

Damien Jurado: urrunekoak eta gertukoak

Gure artean izan genuen Maiatza hasieran Damien Jurado Seattle-ko abeslaria. Ezaguna egiteko bidean dagoela-eta, erdibideko leku bat aukeratu zuen: Intxaurrondo, ez handia ezta txikia ere. Jendez gainezka aurkitu zuen kontzertu gunea, astelehen gau batean eta halako talde baten aurrean lorpen nabarmena.

Aparteko dekoraturik gabe eta 4 pertsonatako banda lagun, beti bezain serio agertu zitzaigun, hitzik esan gabe, astelehen goiz batean tailerrera lanera doan horren parekoa. Heldu, eseri eta jotzeari ekin zion. Bera eserita eta gu zutik, kontraste bitxia. Besterik gabe, zuzenean musikari ekin zion.

Kontzertuak 3 atal izan zituen, gutxi gora behera. Lehenengo atal hauek azalduko ditut, eta nire iritzia amaierarako utziko dut.

1.Hasteko bere azken diskoak aukeratu zituen: hauek osatu zuten kontzertuaren lehen atala. Egia esan kantek diskoan baino askoz soinu hobea zuten, euren arteko lotura agertzen zuten, batetik bestera pasatzen zen kantek duten berezko ildoa jarraituz… Bere azken lanak lotuta daude, hori agerikoa da, eta zuzenekoan zentzu gehiago hartzen zuten.

Bertan geudenontzat, ordea, ez ziren horren ezagunak.

Musikari dagokionean, kuriosoena mahai eta teklatu batek eskaintzen zizkion estrak ziren: giroa sortzeko soinuak ziren, leku bereziak azaleratzekoak, atmosfera ezberdinak agertzekoak. Bi gitarra, baxua eta bateriaren gainetik, honek zuen bizitza propioa. Damien-en protagonismo totala espero genuenok kontrakoa aurkitu genuen: talde batean murgildutako abeslari bat.

2. Ordubetea pasa aurretik, atsedentso bat hartu zuen taldeak eta bueltan bigarren atalari ekin zion. Oraingoan bai, oraingoan Damien bakarrik.

Kanta bi eskaini zituen bakardadean, bere gitarraren laguntzarekin. Entzulegoarekin elkartruke nabarmenena orduan izan zuen baita. Uste dut hau zela bertan geuden gehienok espero genuena, ez aurreko guztia. Damien gordina, intimista, barneak azaleratzen dituena. Tamalez, kanta 2 baino ez zuen iraun horrek.

3. Gero banda itzuli zen eta azken kantu apurrak jo zituzten, hirugarren atal moduko bat osatu. Saioa ixteko Working Title ospetsua aukeratu zuen, hau ere aski ezaguna bere jarraitzaileen artean, eta horrelako kanta gehiagoren faltan utzi gintuen. Intxaurrondoko ixte ordutegiak ez zion ahalbidetu kanta gehiago jo ahal izatea. Tira.

Iritzia?

  1. Kontzertua laburra egin zitzaidan, oso. Hori seinale ona da, ezta?
  2. Azken diskoetako kantu gutxiago espero (eta nahi) nituen, eta aukeran aurrekoetako gehiago. Uste dut ez nintzela bakarra izan.
  3. Taldearen soinua oso ona zen, Damien bera zertxobait ezkutatu arren.
  4. Azken diskoetan zentratuta egon arren, hauek hobetzen zituen, eta diskoetan ez dagoen zerbait agertzen zuen (asko eskertzen dena).
  5. Berriz bueltatzeko irrikan nago!

PD Sarreran dendatxoa montatu zuten, beti bezala, eta aipagarria gertatu zitzaidan diskoak dendetan baino askoz garestiagoak zirela!

PD2 Ez dut ezer aipatu teloneroei buruz: the Weather Station. Ondo. Agian lasaiegiak eta intimistegiak telonero lanetan aritzeko, baina ondo, oso ondo. Beste entzunaldi bat merezi duen taldea.