Blogaren artxiboa

Ekiza zuzenean: Doka eta Plateruena

“Jurgi Ekiza Willis Drummond-eko abeslaria da”, edo antzerako zerbait datorkigu burura gutariko askori abeslari honen izena entzutean. Baina bere kontzertuetara ez ginen horretara, talde horren soinuak entzutera, gerturatu: ahots polit eta bakana duen tipo horren bakarkakoa zen hura. Eta, nik behintzat, ez nekien zer espero nezakeen.

Donostiako Dokan eman zuen lehen kontzertua. Ostegunean. Ikusminaz gainezka gerturatu nintzen.P1080430.JPG

Lehen ezustekoa: kontzertuan eserita egongo ginen. Kandela apur batzuek girotuko zuten gela, besterik ez, eta intimitatea izan zen barrura sartzean sentitu nuen lehen gauza. Apaingarririk ez: han soilik abeslaria egongo zen, egiazkoa, gezurrik gabea, artifiziorik gabea.

Bigarren “sorpresa”: bakarrik abestuko zuen. Kolaboratzaile baten presentzia espero nuen baina ez, ez zen halakorik egon. Egia esan, beharrik ere ez zuen izan.

Hirugarrena: looper baten laguntza izan zuen kanta guztietan… eta oso ondo egin zuen. Ez naiz loop-en makinen zalea, aitortu beharra dut, baina oso ondo erabiltzen jakin zuen. Zalantza nuen beste elementuak zelan joko ote zituen, edota nola moldatuko zituen kantak berak bakarrik jo ahal izateko… eta hura erantzuna. Emaitza, ona.

P1080435.JPGLaugarrena: kantak askoz hobeak dira zuzenekoan diskoan baino. Askoz sentimendu gehiago transmititzea lortu zuen Ekizak, askoz gertuagokoa zen, diskoa agertzen ez ziren asko antzeman nituen han. Eta, gainera, diskoan agertzen ez diren asko gehitu zituen (bertsioak barne). Aipagarriena (nire aburuz), Neil Young-en Cortez edo Cortez the Killer gehitu izana, saio nagusia itxi zuena; gero kanta bat gehitu zuen bis gisa, publikoak eskatuta.

Gertukoa, xaloa, umila ere agertu zen Jurgi emanaldian zehar. Handi-mandiekerietatik urrun, urduritasun kutsu bat kendu ezinean. Benetakoa agertu zen, azken finean. Egiazkoa. Diskoetan halakoa dirudi, eta kontzertutik irudi hau egiaztatu izanaz pozten naiz, hau baita nire aburuz abeslaria hobetoen definitzen duen ezaugarria.

Durangoko Plateruenan oso bestelakoa izan zen emanaldia. Hasteko, beste talde baten telonero zelako: Peiremans ikustera gerturatu zen entzulegoaren gehiena. Baina lekua ezberdina zen (handiagoa), giroa baita (larunbata eta, tira, zutik geunden), eta esperotakoa ere ezberdina zen (saio laburragoa eta agian biziagoa espero nezakeen).P1080438.JPG

Baina ez zen hala gertatu: planteamendu berdina agertu zuen Jurgik. Saio intimista, lasai, sakona eman zuen. Noski, gu ez geunden eserita, baina bera bai. Ausart agertu zen. Soinu ona, garbia agertu zuen, bere looper horren laguntzaz beste behingoz. Egia esan Durangoko plaza ezin hobea da soinu ezin hobea lortzeko, eta ondo aprobetxatu zuen Jurgik horretarako.

Saioa ostegunekoa baino laburragoa izan zen. Hura ere, esperotakoa. Cortez-ekin itxi zuen beste behingoz, baina Laboaren bertsiorik ez zigun eskaini oraingoan, beste zenbaiten artean.

Aldatu zena giroa izan zen: argi asko, bertara gerturatu ziren gehienek ez zuten Ekiza entzuteko egin. Giro mugituago, alaiago baten bila ere bazebiltzan gehienak. Laster hasi ziren zurrumurruak eta hurrengo taldearen esperoa. Era berean, askok looper-aren erabilera ulertu ez zutela uste dut, entzun nituen aipamenei jaramon eginez gero behintzat. Tira, eurentzat okerrago, nahiz eta onartu behar dut agian saio mota hura lekuz kanpo egon zitekeela. Hala ere gogo biziz bete zuen berari zegokion txokoa abeslariak.

Neuk gustura entzun nuen Jurgiren saioa, eta denbora luzean azkena izango zela jakitea izan nuen pena bakarra.

Jurgik hau irakurtzen badu, hala izan ez dadila espero dut.

PD Diskoaren iritzia idatzi nuenean Eddie Vedderren influentzia gehiago espero nuela aitortu nuen. Hara, ba zuzenekoan bai, honetan sumatu nion Iparramerikarraren ukitu hori. Onerako, noski.

 

@gutxes