Blogaren artxiboa

Musikalki, zer espero dezakegu 2017an Euskal Herrian?

2017a hemen dugu, eta honek ekarriko duen musikaren zain gaude. Zer da gogo biziz espero duguna?

Norbanako bakoitzak bere zaletasunak izango ditu, beraz agian “zure” taldeak ez dira hemen agertuko. Hala ere, 2017rako espero ditzakegun zenbaiten zerrenda dakarkigu hemen. Zuk bestelakoak espero badituzu, egin zurea… eta jakinarazi iezaguzu! 😉

  1. Talde berriak

Talde berri esanguratsuenen artean, gogo gehien sortzen dituena eta aurten espero dezakeguna Dekot taldearen lehen lan luzea izan daiteke esanguratsuena. Aurkezpen EP bat eta gero (lehen maketa esaten zitzaion hori), langa oso goian jarri dute eta ikusmin nahikotxo sortu dute. Ikusiko dugu… espero. 0007047716_10

Mugimendu berriak finkatzen joatea ere espero dut. Empty files taldearen kasua jarriko dut adibide gisa: gutxika eta etengabean, beraien musika “ezberdina” hedatuz joatea eta leku berrietara heltzea espero dezakegu. Agian, gainera, “disko” berria izango dute aurten. Beste hainbat talde txiki ere bueltan eta euren bidea zabaltzen jarraitzea espero dugu, hala nola Haxotz edota Estankona; agian ez dira horren berriak jadanik, baina argi dago ibilbide luzea izan dezaketela aurretik.

Gauza bera esan dezakegu Altxatu talde gazteari buruz: disko berria laster izan beharko lukete, eta horrek esango digu nora heldu daitekeen talde hau…

  1. EHko talde “handiak”

Gure “big guns”-ei buruz hitz egin behar baita, sarri berriak bereganatzen dituzten horiei buruz. Ez dira hobeak ez txarragoak, baina nolabaiteko status batera heldu dira jada.

Eta hala ere, mugimendu gutxi aurreikusi daiteke arlo honetan hasi berria den urtean…

Ez dago oso argi Berri Txarrakek aurten lan berria argitaratuko ote duen ala ez. Antza, duela urtebete zalantza izan zuten: disko berria prestatu ala jotzen jarraitu? Bigarrena aukeratu eta gero, aurten ere albo-proiektuetan aurrera egingo dutela dirudi. Agian zerbait prestatzen hasiko dira, baina ez dirudi aurten lan luze berri bat ekarriko dutenik. Nahiz eta ezin ziur esan… Ez dirudi ezta EPen moda horretara lotu daitekeen taldea izan daitekeenik
Belako - Kultur Kutxa 2016
Belakorengandik zerbait espero dezakegu ostera. EP ala disko osoa, ez dago oso argi. Baina Hamen bira amaitu eta gero (nahiz eta, gaur egun, bira kontzeptua ez dagoen oso argi; jotzen jarraituko dute, behintzat), beraien hurrengo urratsak zeintzuk izango diren ez dago erabakita. Ziurrenik, besterik ezean, kanta berriak prestatzen hasiko direla laster; argitaratu ala ez, beste kontu bat da… Berri Txarrakekin gertatu bezala, posible da baita 2017 goizegi izatea.

Sutagar beraien bira ezberdin horretan murgilduta jarraituko dute (baietz zuzeneko diskoa atera?). Ezin disko berririk espero azkena argitaratu berri duten horietatik: Zea Maysek atera berri du, gauza bera Gatibuk eta Willis Drummond-ek, Sorkun eta Anari antzerako, ez da horren urrunekoa Niña Coyote eta Chico Tornadorenak ezta, ez edo Kaotiko moduko beste asko…

Ziur ordea Esne Beltza / Xabi Solanok zerbait aterako dutela, kolaborazio edota kanta solteren bat bada ere. Antzerako zerbait Ferminen kasuan. Akaso Hesian lan berri batean lanean hasiko dira, baina ez dago oso argi aurten kaleratuko ote duten.

Edonola ere, goiz da: gogoratu Euskal Herrian Durangoko Azoka gerturatzen denean agertzen direla lan gehienak

  1. Talde bereziak

Erdibidekoak sartuko ditugu hemen: jadanik berriak ezin kontsidera daitezkeen horiek, baina handiak edota guztiz kontsolidatuta ez daudenak. Bai, oso sailkapen arraroa da hau…

Oso disko berezia jaso beharko genuke aurten: Ekizaren zuzenekoa. Grabatuta du jada, hortaz azken ukituak ematen arituko da. Bere lehen diskoak denborarekin izugarri irabazten duen horietarikoa izanik, eta bere zuzenekoak duen xarma berezi horren argitan, gogo biziz espero dugun diskoa da hau.Ekiza - WD - Bonberenea

Honengandik gertu ibiliko da Joseba B. Lenoir. Musikari ipurterreak zerbait sortzearen alde apostu egingo genuke, bai bakarka zein beste talderen bati lotuta. Ikusiko. Akaso horrenbeste taldeen itzulerak Sexty Sexersekoak animatuko ditu…

Pertsonalki, Viva Bazooka bikotearen disko/EP berri bat ere espero dezaket, baina horren talde bitxia izanik, auskalo…

Badira beste zenbait talde beraien lekua bilatzen jarraituko dutenak, eta ziurrenik zerbait berria eskainiko dutenak aurten. Rural Zombies edota Libe modukoen kasua da. Espero lehen aipaturiko Estankonak ere kategoria honetara ematea saltoa laster, akaso bakarlariek azkenaldian jasotzen ari diren arreta guztia profitatuz. Haien esperoan!!

  1. Zuzenekoak

Jaialdiei dagokionean, bat nabarmendu behar besteen gainetik: Hatortxu Rock-ek 20 urte betetzen ditu… eta oso formatu bitxia dakar aurten. Talde handi asko, ezusteko nahikotxo, eta oso data polita izatearen itxura hartzen. Handien artean, badirudi LastTour-en bi ikonoek behera egin dutela zertxobait, bai BBKlive zein ARF-k bestetan baino kartel pobreagoa eskainiz; diru kontuak, nonbait. Ikusi behar bitartean ea Donostiako Kultur Kutxak bere goranzko bideari eusten dion.htx20_ss_1_fasea_web_kabezera-800x290

Guk, bitartean, gureei eutsiko diegu: ezin galdu 40 Minutu Rock edota EHZuzenean, Euskal Herriko jaialdi handia!

Eta ezin ahaztu, “bitxien” artean, Bidehuts-ek 10 urte betetzen dituela. Ziur ospakisuna ere bitxia izango dela. Zorionak, talde!

Atzerriko taldeei dagokionean, badirudi Guns’n’Roses-en Bilboko kontzertuak emango duela zeresana: musikalki ez bada ere, sarreren prezioarengatik gutxienez! Hala ere, zenbait talde jadanik gurean izan ditugu, hala nola Sum 41 (sekulako show bat eskainiz), edota laster helduko dira, Me First and the Gimmie Gimmies kasu.

Eta bertoko taldeei dagokionean, talde anitz ditugu biratzen une hauetan, beraz aprobetxatu! Kokein, Willis Drummond, Kaotiko, Huntza, Enkore… Aukera eder asko!

  1. Joera

Talde puntualetan erreparatu gabe, aurtengoan bi joera nagusi antzeman daitezkeela dirudi:

Argi dago revival moduko bat biziko dugula aurten. Pi.L.t, Kerobia ala Ekon moduko taldeak bueltan izango ditugu, eta ziurrenik ez dira azkenak izango: Piperrak-en hondarretatik ere talde berria dugu, esaterako. Zentzua du mugimendu honek: nolabait, iragan garaiak egunekoak baino hobeak direlaren sentsazioa izatea laket dugu batetik; bestetik, musika kontuetan dirua gastatzeko moduan gaudenok gero eta adintsuagoak gara, eta sarri beste garai batzuetako taldeetara egiten dugu… Ez dirudi ordea mugimendu hau diskoetan bihurtuko denik, zuzenekoetara mugatuko direla ematen du. (Bide batez, badakigu zenbait talde ia urtero “itzultzen” direla, Potato kasu: hauek ezin hemen sartu.)16107307_1301853119882462_3541183548981870345_o

Bestalde, zenbait hype fenomeno ere agertzen hasi dira gurean. Agerikoena, nire ustetan, Izarorena da: bere diskoa ez duen, entzun ez duen eta, zenbait kasutan, bere zuzeneko bakar bat ikusi ez duen zenbait pertsonari entzun diot “oso ona” dela esaten. Eta ez dut nik esango ona ez denik, ezta gutxiago ere, baina gurean ere gutxika bada ere hype fenomenoak agertzearen adierazgarri bat iruditzen zait. Gehiago izango ditugu aurten, ziur naiz. Hau ez da ona ez txarra: musika hedatzen den bitartean eta ateak zabaltzen dituen heinean, primeran!

Ziur ehundaka disko berri jasoko ditugula aurten Euskal Herritik, zenbait formatu fisikoan, eta baita soilik digitalean geratuko direnak, bai edo binilora arte helduko direnak ere. Ongi etorriak izango dira denak, eta gogo handiz esperoko ditugu! Eutsi!!

2016ko zuzeneko onenak

Zuzeneko bat ona izateak asko eskatzen du: talde/musikariak egun ona izatea, abesteko material ona izatea, akustika, lekuaren xarma, zalegoaren erantzuna… Ez da erraza kontzertu bat “ona” suertatzea, eta neurri beretsuan ez da erraza kontzertu bat ona izateko zer behar duen definitzea.

Subjetibotasun hortatik abiatuta (eta ikusitakoen arabera), hona hemen urte honetan izandako 10 zuzeneko onenak, zerrendatuta. Kanpoan geratu dira El Drogasen Iruñeako makrokontzertua, Hesian taldeak Durangon eskainitako eta lagunez beterikoa saioa, Damien Juradoren etorrera, Zea Mays edo Kokein-en itzulera, edota Bullitt-ek azken aspaldi luzean eginiko lehen bisita, besteak beste…

10. Yellow Big Machine, Donostia (Kultur Kutxa Festibala), Irailak 3

Zaila da festibal batean kontzertu ona eskaintzea. Are gutxiago egunez izanik, eta eszenatokia bide erdian egonda. Ba sekulakoa montatu zuen laukoteak zalegoaren laguntza medio!
P1110182

9. Willis Drummond, Durango (Plateruena),

Urte honetako itzulerarik eskertuena talde honena. Uda partean minibira bat antolatu eta gero, azken diskoa aurkezten hasi berri dira eta kanta berriak gorantz doaz. Kontzerturik onenak etortzeko daudela uste dut (Gasteizen beti antolatzen ditu sekulakoak talde honek!)

imagen111

8. Grises, Donostia (Dabadaba)

Kuriosoa da: eszenatoki handietara ohitutako taldea, oso ondo funtzionatu zuen horren leku txiki batean. Zalegoaren gertutasunaren kontuak… edota talde guztiak eta, bereziki, Eñautek agertzen dituen gogoak gertuagotik ikusteko aukera eskaini zutelako.

7. Joseba B. Lenoir Gang, Ondarroa (Portuko Ranpi), Maiatzak 17

Bere garaian esan nuen: musikalki, sekulako taldea antolatu du Joseba B. Lenoirrek, eta talde gisa izugarri ondo funtzionatzen dute. Lekua, gainera, primerakoa izan zen.

6. Berri Txarrak, Otxandio (Gaztetxea),

Berri Txarraken tamainako talde bat gaztetxeetan jotzen jarraitzea sekulakoa da. Horri Jaio.Musika.Hil bere osotasunean jotzea gehituz gero, emaitza primerakoa izan zen. Gehitzekorik ez!!
(Otxandion audioarekin zenbait arazo izan eta gero, Durangoko saio bat utziko hemen)

5. Peiremans, Durango (Plateruena), Martxoak 17

Durangokoa moduko plaza hotza abesten jartzea lortu zuen laukoteak. Agian taldekideei agurra dudamudatan jartzeko moduko gaua izan zen…

4. Belako, Elorrio (Gaztetxea), 2016-12-23

Talde honek aurten Azpeitian edota hainbat festibaletan emandako kontzertuak onak izan dira, bai, baina hau berezia izan zen. Horren leku handietan jo eta gero, honen leku txiki batean jotzea eskertzekoa da oso. Eta gainera gaztetxean. Soinua agian ez zen munduko onena eta ezin izan zuten beraien ohiko kontzertua antolatu (esaterako, bateria atzean jarri behar izan zuten), baina zalegoaren erantzunak hori eta gehiago konpentsatu zuen. Crowdsurfinga eta guztiz egon zen! Momenturik bereziena: Sea of Confusion abestia amaitu eta areto guztia hura abesten jarraitu zuen. Taldeak, ezinbesteak, beste behingoz ekin behar izan zion kantari!!

3. Gorka Urbizu, Zarautz (Modelo), Maiatzak

Agian kontzertu batera gindoazela ez genuelako uste, agian jendearen gogoengatik, edota akaso lekuaren berezitasunengatik, sekulako saioa eskaini zuen Gorka Urbizuk bakarkakoan. A bai, filma bat egon zen baita… 🙂

2. Bruce Springsteen, Donostia (Anoeta), 2016-05

Gurean 2016an egon den mainstream ekintzarik aipagarriena da hau agian… eta ezin hobea izan zen. The Boss-ek zerbait egiten badaki, modu guztietako entzulegoa zelan ase daitekeen da: kanta ezagun pila jo zituen, zalegoarekin interakzionatu zuen behin eta berriz, barre egiteko eta gai serioak uneak aurkitu zituen, kanta ez horren ezagun nahikotxo ere jo zituen, bertsioren bat edo beste, bisak eta bisak jo zituen, eta amaitzeko This Hard Land-en sekulako bertsio bat utzi zigun. A, eta euskeraz bertoko hainbat taldek baino hitz gehiago bota zituen… Okerrena, agian, prezioa, nahiz eta Guns’n’Roses-ek egun hura merketu du…

  1. Ekiza, Donostia (Doka), Martxoak 17

Lekua, aparta. Soinua, primerakoa. Zalegoa, gogotsu. Eta musika, berezia, oso. Gerora beste hainbat lekutan ikusi izan dut Ekiza zuzenekoan, eta hainbatetan kanta bitxiak jo zituen eta akaso norbaitek esango dut setlist hobea aukeratu zuela, baina kontzertu hau bestelakoa izan zen.

Ekiza: Paperezkoak I+II

Garoa liburudendak eskaintzen dituen kontzertuen barnean Jurgi Ekizari iritsi zitzaion txanda aurrekoan. Eta ez edonola gainera: saio bikoitza, Donostia eta Zarautzen. Denboraldi baterako (betirako?) bere azken kontzertuak izatekoak ziren hauek, nahiz eta musikari ipurterre honekin ezin inoiz jakin.

Urte t’erdi arinago bira hasiko zuela iragarri zuenean, agian emanaldi bakarra emango zuela ere iragarri zuen. Azkenean 3 emanaldi izan ziren (eta erdi, musikazuzenean webgunearen aldeko jaialdian ere parte hartu baitzuen), baina laster batu zitzaizkion data gehiago. Azken hauek etenaldi bat suposatuko dute baina, egia esan, aurretik gertatutako ezusteko eta aldaketen argitan, batek daki azkenak ez ote diren izango. Dena den, hori beharko luke filosofia beti: gozatu edozein kontzertu azkena bailitzan!

Dokan eskainitako lehen emanaldiarekin alderatuta, Donostira itzuli zitzaigun abeslariak guztiz eraldatuta egin zuen. Askoz seguruagoa, looperraren teknika askoz hobeto domeinatuz, hazi eta nagusitu diren kantez betea, bertsioak lagun… Kilometroek, oholtza gainean emandako orduek eta publiko ezberdinek pertsona abeslaria moldatu dute, nagusitu egin dute.

Biraren azken txanpan erregistro bokalak gehitzen jarraitu du, ahotsarekin jokatuz, letren gainetik beste instrumentu guztiz berri bat bilakatu arte. Aipagarria Outro kantaren zuzeneko moldaketa: jo zuen lehen alditik José de la Sernaren poema gehitu bazion ere, kantua etengabeak eraldatzen da, azalak gehitzen zaizkio, azal onak, geruza bakoitzak gehiago apaintzen duelarik.

Gitarra elektrikoak ordea agur esan zien saioei. Espero etorkizunean bueltan izatea, bestelako atmosfera gehitzen baitzioten saioei.

Musikari onen gisan, kontzertu biak ez ziren berdinak izan. Kanta asko (ez denak) errepikatu ziren arren, ordena eta bakoitzari erantzitakoa aldatzen joan zen. Bazirudien larunbatekoan Neil Young-en bertsioren bat berreskuratuko zuela, baina ez. Tira, ea laster argitaratuko duen zuzenekoan sartzen duen.

Amaitzeko, berri on bat: bigarren disko bat (gutxienez) asmoa du Ekizak, laster kaleratuko duen zuzenekoaz gain. Batek daki noiz helduko den, baina haren esperoan geratzen gara. Sesio bikoitzan beharrezkoa bada ere.

Ekiza zuzenean: Doka eta Plateruena

“Jurgi Ekiza Willis Drummond-eko abeslaria da”, edo antzerako zerbait datorkigu burura gutariko askori abeslari honen izena entzutean. Baina bere kontzertuetara ez ginen horretara, talde horren soinuak entzutera, gerturatu: ahots polit eta bakana duen tipo horren bakarkakoa zen hura. Eta, nik behintzat, ez nekien zer espero nezakeen.

Donostiako Dokan eman zuen lehen kontzertua. Ostegunean. Ikusminaz gainezka gerturatu nintzen.P1080430.JPG

Lehen ezustekoa: kontzertuan eserita egongo ginen. Kandela apur batzuek girotuko zuten gela, besterik ez, eta intimitatea izan zen barrura sartzean sentitu nuen lehen gauza. Apaingarririk ez: han soilik abeslaria egongo zen, egiazkoa, gezurrik gabea, artifiziorik gabea.

Bigarren “sorpresa”: bakarrik abestuko zuen. Kolaboratzaile baten presentzia espero nuen baina ez, ez zen halakorik egon. Egia esan, beharrik ere ez zuen izan.

Hirugarrena: looper baten laguntza izan zuen kanta guztietan… eta oso ondo egin zuen. Ez naiz loop-en makinen zalea, aitortu beharra dut, baina oso ondo erabiltzen jakin zuen. Zalantza nuen beste elementuak zelan joko ote zituen, edota nola moldatuko zituen kantak berak bakarrik jo ahal izateko… eta hura erantzuna. Emaitza, ona.

P1080435.JPGLaugarrena: kantak askoz hobeak dira zuzenekoan diskoan baino. Askoz sentimendu gehiago transmititzea lortu zuen Ekizak, askoz gertuagokoa zen, diskoa agertzen ez ziren asko antzeman nituen han. Eta, gainera, diskoan agertzen ez diren asko gehitu zituen (bertsioak barne). Aipagarriena (nire aburuz), Neil Young-en Cortez edo Cortez the Killer gehitu izana, saio nagusia itxi zuena; gero kanta bat gehitu zuen bis gisa, publikoak eskatuta.

Gertukoa, xaloa, umila ere agertu zen Jurgi emanaldian zehar. Handi-mandiekerietatik urrun, urduritasun kutsu bat kendu ezinean. Benetakoa agertu zen, azken finean. Egiazkoa. Diskoetan halakoa dirudi, eta kontzertutik irudi hau egiaztatu izanaz pozten naiz, hau baita nire aburuz abeslaria hobetoen definitzen duen ezaugarria.

Durangoko Plateruenan oso bestelakoa izan zen emanaldia. Hasteko, beste talde baten telonero zelako: Peiremans ikustera gerturatu zen entzulegoaren gehiena. Baina lekua ezberdina zen (handiagoa), giroa baita (larunbata eta, tira, zutik geunden), eta esperotakoa ere ezberdina zen (saio laburragoa eta agian biziagoa espero nezakeen).P1080438.JPG

Baina ez zen hala gertatu: planteamendu berdina agertu zuen Jurgik. Saio intimista, lasai, sakona eman zuen. Noski, gu ez geunden eserita, baina bera bai. Ausart agertu zen. Soinu ona, garbia agertu zuen, bere looper horren laguntzaz beste behingoz. Egia esan Durangoko plaza ezin hobea da soinu ezin hobea lortzeko, eta ondo aprobetxatu zuen Jurgik horretarako.

Saioa ostegunekoa baino laburragoa izan zen. Hura ere, esperotakoa. Cortez-ekin itxi zuen beste behingoz, baina Laboaren bertsiorik ez zigun eskaini oraingoan, beste zenbaiten artean.

Aldatu zena giroa izan zen: argi asko, bertara gerturatu ziren gehienek ez zuten Ekiza entzuteko egin. Giro mugituago, alaiago baten bila ere bazebiltzan gehienak. Laster hasi ziren zurrumurruak eta hurrengo taldearen esperoa. Era berean, askok looper-aren erabilera ulertu ez zutela uste dut, entzun nituen aipamenei jaramon eginez gero behintzat. Tira, eurentzat okerrago, nahiz eta onartu behar dut agian saio mota hura lekuz kanpo egon zitekeela. Hala ere gogo biziz bete zuen berari zegokion txokoa abeslariak.

Neuk gustura entzun nuen Jurgiren saioa, eta denbora luzean azkena izango zela jakitea izan nuen pena bakarra.

Jurgik hau irakurtzen badu, hala izan ez dadila espero dut.

PD Diskoaren iritzia idatzi nuenean Eddie Vedderren influentzia gehiago espero nuela aitortu nuen. Hara, ba zuzenekoan bai, honetan sumatu nion Iparramerikarraren ukitu hori. Onerako, noski.

 

@gutxes

Ekiza: espero ez dituzunen musika

Jadanik hainbat lekutan irakurri ditzakezu Ekizaren lehen diskoaren inguruko iritziak eta kritikak, eta ondorioz agian hau berandu dator. Niri ordea ezinezkoa zitzaidan hau arinago idaztea; ez disko honekin behinik behin. Izan ere, hau ez da lehen entzunaldian epaitu dezakezun disko bat.20160131_114026

3 aste pasa ditu jada diskoak nire disko-jogailuan bueltaka. Lanean ere pare bat aldiz entzun dut (lana disko bat entzuteko lekurik aproposena ez den arren). Ia hilabete pasa da postontzian poz-pozik jaso nuenetik. Urte honetan gehien espero nituen diskoetariko bat Urtarrilean. Ona.

Horren esperotakoa izanik, esateko asko ditut. Hauek ordenatzen ahaleginduko naiz.

  1. Lehen sorpresa: ez du Willis Drummond-en antzik. Ados, ahots berdina da bai, baina abestirik azkarrenek ere ez didate taldea burura ekartzen. Lasaiagoa, momentu-sortzailea, beste abiaduraduna, ezberdina da.
  2. Iluna da, oso. Letra ilunak eta korapilatsuak dira nagusi baina, espero nezakeenaren kontra, nahiko laburrak. Baina doinuak ere ilunak dira. Sakonak, apika. Berriak. Jurgirengandik orain arte entzun ditudanekin aldaratuta behinik behin.
  3. Oso… atmosferikoa da. Beste leku batzuetara garraiatzen zaituzten kantuz josia, momentuak sortzen dituztenak, atmosferak sortzen dituztenak, eszenak osatzen dituztenak… Asko transmititzen duten giroak dira. Benetan une bat, giro bat, leku bat sortzen duen musika da hau. Zenbaitetan, hipnotikoa ere izan daiteke.
  4. Jurgi honen zale dela jakinik, Eddie Vedder-en bakarkako lanen moduko zerbait espero nuen, baina ezin harengandik urrunago egon. Beste letrak, askoz pertsonalagoak, beste soinu bat, askoz beteagoa.
  5. Bakarkako lana dirudi. Bai, instrumentu asko agertzen dira bertan, zenbait Jurgik berak jotakoak baina beste hainbatetan laguntza izan duelarik baita, baina pertsona bakar baten diskoa dela agerikoa da. Ez du Willis Drummond-ek duen talde soinua, ez du indar hori lortzen, ez du halakorik bilatzen ezta. Hobe.

Agian, galdera hau guztia baino sinpleagoa izan daiteke: gustuko dut? Bai, oso. Baina ez da lehen egunean gustuko duzun disko horietarikoa. Geruzak entzuten joan behar duzu, ukituak ulertzen, kantetan sartzen. Letrak irakurtzen. Azala bera ere ulertu beharra dago. Diskoak 2 aurpegi ditu, binilo formatuan oso agerikoa suertatzen den zerbait (KDan egoera hori zertxobait galdu egiten da), eta hori ere ulertu behar. Agian soinu osoagoa espero nezakeen, produkzio landuagoa, instrumentu gehiagoduna, baina aurkitutakoarekin oso pozik nago.

Zuzenekorik apenas eskainiko duela iragarri du Jurgik. Ez zait gauza txarra iruditzen, egilearen esku dagoen zerbait da hori. Norberak ikusi behar. Hala ere, hemen sortu dituen atmosfera horiek guztiak zuzenekoan nola islatzen diren jakin nahiko nuke. Ez dut uste gertatuko denik, baina auskalo… Gainera, horri lotutako beste susmo “txar” bat ere badut: ez ote da hau izango Ekizaren disko bakarra?

Diskoak bueltaka jarraitzen duen une honetan, oso aukera txarra iruditzen zait hori…