Blogaren artxiboa

Ekiza: Paperezkoak I+II

Garoa liburudendak eskaintzen dituen kontzertuen barnean Jurgi Ekizari iritsi zitzaion txanda aurrekoan. Eta ez edonola gainera: saio bikoitza, Donostia eta Zarautzen. Denboraldi baterako (betirako?) bere azken kontzertuak izatekoak ziren hauek, nahiz eta musikari ipurterre honekin ezin inoiz jakin.

Urte t’erdi arinago bira hasiko zuela iragarri zuenean, agian emanaldi bakarra emango zuela ere iragarri zuen. Azkenean 3 emanaldi izan ziren (eta erdi, musikazuzenean webgunearen aldeko jaialdian ere parte hartu baitzuen), baina laster batu zitzaizkion data gehiago. Azken hauek etenaldi bat suposatuko dute baina, egia esan, aurretik gertatutako ezusteko eta aldaketen argitan, batek daki azkenak ez ote diren izango. Dena den, hori beharko luke filosofia beti: gozatu edozein kontzertu azkena bailitzan!

Dokan eskainitako lehen emanaldiarekin alderatuta, Donostira itzuli zitzaigun abeslariak guztiz eraldatuta egin zuen. Askoz seguruagoa, looperraren teknika askoz hobeto domeinatuz, hazi eta nagusitu diren kantez betea, bertsioak lagun… Kilometroek, oholtza gainean emandako orduek eta publiko ezberdinek pertsona abeslaria moldatu dute, nagusitu egin dute.

Biraren azken txanpan erregistro bokalak gehitzen jarraitu du, ahotsarekin jokatuz, letren gainetik beste instrumentu guztiz berri bat bilakatu arte. Aipagarria Outro kantaren zuzeneko moldaketa: jo zuen lehen alditik José de la Sernaren poema gehitu bazion ere, kantua etengabeak eraldatzen da, azalak gehitzen zaizkio, azal onak, geruza bakoitzak gehiago apaintzen duelarik.

Gitarra elektrikoak ordea agur esan zien saioei. Espero etorkizunean bueltan izatea, bestelako atmosfera gehitzen baitzioten saioei.

Musikari onen gisan, kontzertu biak ez ziren berdinak izan. Kanta asko (ez denak) errepikatu ziren arren, ordena eta bakoitzari erantzitakoa aldatzen joan zen. Bazirudien larunbatekoan Neil Young-en bertsioren bat berreskuratuko zuela, baina ez. Tira, ea laster argitaratuko duen zuzenekoan sartzen duen.

Amaitzeko, berri on bat: bigarren disko bat (gutxienez) asmoa du Ekizak, laster kaleratuko duen zuzenekoaz gain. Batek daki noiz helduko den, baina haren esperoan geratzen gara. Sesio bikoitzan beharrezkoa bada ere.