Blogaren artxiboa

Musikalki, zer espero dezakegu 2017an Euskal Herrian?

2017a hemen dugu, eta honek ekarriko duen musikaren zain gaude. Zer da gogo biziz espero duguna?

Norbanako bakoitzak bere zaletasunak izango ditu, beraz agian “zure” taldeak ez dira hemen agertuko. Hala ere, 2017rako espero ditzakegun zenbaiten zerrenda dakarkigu hemen. Zuk bestelakoak espero badituzu, egin zurea… eta jakinarazi iezaguzu! 😉

  1. Talde berriak

Talde berri esanguratsuenen artean, gogo gehien sortzen dituena eta aurten espero dezakeguna Dekot taldearen lehen lan luzea izan daiteke esanguratsuena. Aurkezpen EP bat eta gero (lehen maketa esaten zitzaion hori), langa oso goian jarri dute eta ikusmin nahikotxo sortu dute. Ikusiko dugu… espero. 0007047716_10

Mugimendu berriak finkatzen joatea ere espero dut. Empty files taldearen kasua jarriko dut adibide gisa: gutxika eta etengabean, beraien musika “ezberdina” hedatuz joatea eta leku berrietara heltzea espero dezakegu. Agian, gainera, “disko” berria izango dute aurten. Beste hainbat talde txiki ere bueltan eta euren bidea zabaltzen jarraitzea espero dugu, hala nola Haxotz edota Estankona; agian ez dira horren berriak jadanik, baina argi dago ibilbide luzea izan dezaketela aurretik.

Gauza bera esan dezakegu Altxatu talde gazteari buruz: disko berria laster izan beharko lukete, eta horrek esango digu nora heldu daitekeen talde hau…

  1. EHko talde “handiak”

Gure “big guns”-ei buruz hitz egin behar baita, sarri berriak bereganatzen dituzten horiei buruz. Ez dira hobeak ez txarragoak, baina nolabaiteko status batera heldu dira jada.

Eta hala ere, mugimendu gutxi aurreikusi daiteke arlo honetan hasi berria den urtean…

Ez dago oso argi Berri Txarrakek aurten lan berria argitaratuko ote duen ala ez. Antza, duela urtebete zalantza izan zuten: disko berria prestatu ala jotzen jarraitu? Bigarrena aukeratu eta gero, aurten ere albo-proiektuetan aurrera egingo dutela dirudi. Agian zerbait prestatzen hasiko dira, baina ez dirudi aurten lan luze berri bat ekarriko dutenik. Nahiz eta ezin ziur esan… Ez dirudi ezta EPen moda horretara lotu daitekeen taldea izan daitekeenik
Belako - Kultur Kutxa 2016
Belakorengandik zerbait espero dezakegu ostera. EP ala disko osoa, ez dago oso argi. Baina Hamen bira amaitu eta gero (nahiz eta, gaur egun, bira kontzeptua ez dagoen oso argi; jotzen jarraituko dute, behintzat), beraien hurrengo urratsak zeintzuk izango diren ez dago erabakita. Ziurrenik, besterik ezean, kanta berriak prestatzen hasiko direla laster; argitaratu ala ez, beste kontu bat da… Berri Txarrakekin gertatu bezala, posible da baita 2017 goizegi izatea.

Sutagar beraien bira ezberdin horretan murgilduta jarraituko dute (baietz zuzeneko diskoa atera?). Ezin disko berririk espero azkena argitaratu berri duten horietatik: Zea Maysek atera berri du, gauza bera Gatibuk eta Willis Drummond-ek, Sorkun eta Anari antzerako, ez da horren urrunekoa Niña Coyote eta Chico Tornadorenak ezta, ez edo Kaotiko moduko beste asko…

Ziur ordea Esne Beltza / Xabi Solanok zerbait aterako dutela, kolaborazio edota kanta solteren bat bada ere. Antzerako zerbait Ferminen kasuan. Akaso Hesian lan berri batean lanean hasiko dira, baina ez dago oso argi aurten kaleratuko ote duten.

Edonola ere, goiz da: gogoratu Euskal Herrian Durangoko Azoka gerturatzen denean agertzen direla lan gehienak

  1. Talde bereziak

Erdibidekoak sartuko ditugu hemen: jadanik berriak ezin kontsidera daitezkeen horiek, baina handiak edota guztiz kontsolidatuta ez daudenak. Bai, oso sailkapen arraroa da hau…

Oso disko berezia jaso beharko genuke aurten: Ekizaren zuzenekoa. Grabatuta du jada, hortaz azken ukituak ematen arituko da. Bere lehen diskoak denborarekin izugarri irabazten duen horietarikoa izanik, eta bere zuzenekoak duen xarma berezi horren argitan, gogo biziz espero dugun diskoa da hau.Ekiza - WD - Bonberenea

Honengandik gertu ibiliko da Joseba B. Lenoir. Musikari ipurterreak zerbait sortzearen alde apostu egingo genuke, bai bakarka zein beste talderen bati lotuta. Ikusiko. Akaso horrenbeste taldeen itzulerak Sexty Sexersekoak animatuko ditu…

Pertsonalki, Viva Bazooka bikotearen disko/EP berri bat ere espero dezaket, baina horren talde bitxia izanik, auskalo…

Badira beste zenbait talde beraien lekua bilatzen jarraituko dutenak, eta ziurrenik zerbait berria eskainiko dutenak aurten. Rural Zombies edota Libe modukoen kasua da. Espero lehen aipaturiko Estankonak ere kategoria honetara ematea saltoa laster, akaso bakarlariek azkenaldian jasotzen ari diren arreta guztia profitatuz. Haien esperoan!!

  1. Zuzenekoak

Jaialdiei dagokionean, bat nabarmendu behar besteen gainetik: Hatortxu Rock-ek 20 urte betetzen ditu… eta oso formatu bitxia dakar aurten. Talde handi asko, ezusteko nahikotxo, eta oso data polita izatearen itxura hartzen. Handien artean, badirudi LastTour-en bi ikonoek behera egin dutela zertxobait, bai BBKlive zein ARF-k bestetan baino kartel pobreagoa eskainiz; diru kontuak, nonbait. Ikusi behar bitartean ea Donostiako Kultur Kutxak bere goranzko bideari eusten dion.htx20_ss_1_fasea_web_kabezera-800x290

Guk, bitartean, gureei eutsiko diegu: ezin galdu 40 Minutu Rock edota EHZuzenean, Euskal Herriko jaialdi handia!

Eta ezin ahaztu, “bitxien” artean, Bidehuts-ek 10 urte betetzen dituela. Ziur ospakisuna ere bitxia izango dela. Zorionak, talde!

Atzerriko taldeei dagokionean, badirudi Guns’n’Roses-en Bilboko kontzertuak emango duela zeresana: musikalki ez bada ere, sarreren prezioarengatik gutxienez! Hala ere, zenbait talde jadanik gurean izan ditugu, hala nola Sum 41 (sekulako show bat eskainiz), edota laster helduko dira, Me First and the Gimmie Gimmies kasu.

Eta bertoko taldeei dagokionean, talde anitz ditugu biratzen une hauetan, beraz aprobetxatu! Kokein, Willis Drummond, Kaotiko, Huntza, Enkore… Aukera eder asko!

  1. Joera

Talde puntualetan erreparatu gabe, aurtengoan bi joera nagusi antzeman daitezkeela dirudi:

Argi dago revival moduko bat biziko dugula aurten. Pi.L.t, Kerobia ala Ekon moduko taldeak bueltan izango ditugu, eta ziurrenik ez dira azkenak izango: Piperrak-en hondarretatik ere talde berria dugu, esaterako. Zentzua du mugimendu honek: nolabait, iragan garaiak egunekoak baino hobeak direlaren sentsazioa izatea laket dugu batetik; bestetik, musika kontuetan dirua gastatzeko moduan gaudenok gero eta adintsuagoak gara, eta sarri beste garai batzuetako taldeetara egiten dugu… Ez dirudi ordea mugimendu hau diskoetan bihurtuko denik, zuzenekoetara mugatuko direla ematen du. (Bide batez, badakigu zenbait talde ia urtero “itzultzen” direla, Potato kasu: hauek ezin hemen sartu.)16107307_1301853119882462_3541183548981870345_o

Bestalde, zenbait hype fenomeno ere agertzen hasi dira gurean. Agerikoena, nire ustetan, Izarorena da: bere diskoa ez duen, entzun ez duen eta, zenbait kasutan, bere zuzeneko bakar bat ikusi ez duen zenbait pertsonari entzun diot “oso ona” dela esaten. Eta ez dut nik esango ona ez denik, ezta gutxiago ere, baina gurean ere gutxika bada ere hype fenomenoak agertzearen adierazgarri bat iruditzen zait. Gehiago izango ditugu aurten, ziur naiz. Hau ez da ona ez txarra: musika hedatzen den bitartean eta ateak zabaltzen dituen heinean, primeran!

Ziur ehundaka disko berri jasoko ditugula aurten Euskal Herritik, zenbait formatu fisikoan, eta baita soilik digitalean geratuko direnak, bai edo binilora arte helduko direnak ere. Ongi etorriak izango dira denak, eta gogo handiz esperoko ditugu! Eutsi!!

2016ko zuzeneko onenak

Zuzeneko bat ona izateak asko eskatzen du: talde/musikariak egun ona izatea, abesteko material ona izatea, akustika, lekuaren xarma, zalegoaren erantzuna… Ez da erraza kontzertu bat “ona” suertatzea, eta neurri beretsuan ez da erraza kontzertu bat ona izateko zer behar duen definitzea.

Subjetibotasun hortatik abiatuta (eta ikusitakoen arabera), hona hemen urte honetan izandako 10 zuzeneko onenak, zerrendatuta. Kanpoan geratu dira El Drogasen Iruñeako makrokontzertua, Hesian taldeak Durangon eskainitako eta lagunez beterikoa saioa, Damien Juradoren etorrera, Zea Mays edo Kokein-en itzulera, edota Bullitt-ek azken aspaldi luzean eginiko lehen bisita, besteak beste…

10. Yellow Big Machine, Donostia (Kultur Kutxa Festibala), Irailak 3

Zaila da festibal batean kontzertu ona eskaintzea. Are gutxiago egunez izanik, eta eszenatokia bide erdian egonda. Ba sekulakoa montatu zuen laukoteak zalegoaren laguntza medio!
P1110182

9. Willis Drummond, Durango (Plateruena),

Urte honetako itzulerarik eskertuena talde honena. Uda partean minibira bat antolatu eta gero, azken diskoa aurkezten hasi berri dira eta kanta berriak gorantz doaz. Kontzerturik onenak etortzeko daudela uste dut (Gasteizen beti antolatzen ditu sekulakoak talde honek!)

imagen111

8. Grises, Donostia (Dabadaba)

Kuriosoa da: eszenatoki handietara ohitutako taldea, oso ondo funtzionatu zuen horren leku txiki batean. Zalegoaren gertutasunaren kontuak… edota talde guztiak eta, bereziki, Eñautek agertzen dituen gogoak gertuagotik ikusteko aukera eskaini zutelako.

7. Joseba B. Lenoir Gang, Ondarroa (Portuko Ranpi), Maiatzak 17

Bere garaian esan nuen: musikalki, sekulako taldea antolatu du Joseba B. Lenoirrek, eta talde gisa izugarri ondo funtzionatzen dute. Lekua, gainera, primerakoa izan zen.

6. Berri Txarrak, Otxandio (Gaztetxea),

Berri Txarraken tamainako talde bat gaztetxeetan jotzen jarraitzea sekulakoa da. Horri Jaio.Musika.Hil bere osotasunean jotzea gehituz gero, emaitza primerakoa izan zen. Gehitzekorik ez!!
(Otxandion audioarekin zenbait arazo izan eta gero, Durangoko saio bat utziko hemen)

5. Peiremans, Durango (Plateruena), Martxoak 17

Durangokoa moduko plaza hotza abesten jartzea lortu zuen laukoteak. Agian taldekideei agurra dudamudatan jartzeko moduko gaua izan zen…

4. Belako, Elorrio (Gaztetxea), 2016-12-23

Talde honek aurten Azpeitian edota hainbat festibaletan emandako kontzertuak onak izan dira, bai, baina hau berezia izan zen. Horren leku handietan jo eta gero, honen leku txiki batean jotzea eskertzekoa da oso. Eta gainera gaztetxean. Soinua agian ez zen munduko onena eta ezin izan zuten beraien ohiko kontzertua antolatu (esaterako, bateria atzean jarri behar izan zuten), baina zalegoaren erantzunak hori eta gehiago konpentsatu zuen. Crowdsurfinga eta guztiz egon zen! Momenturik bereziena: Sea of Confusion abestia amaitu eta areto guztia hura abesten jarraitu zuen. Taldeak, ezinbesteak, beste behingoz ekin behar izan zion kantari!!

3. Gorka Urbizu, Zarautz (Modelo), Maiatzak

Agian kontzertu batera gindoazela ez genuelako uste, agian jendearen gogoengatik, edota akaso lekuaren berezitasunengatik, sekulako saioa eskaini zuen Gorka Urbizuk bakarkakoan. A bai, filma bat egon zen baita… 🙂

2. Bruce Springsteen, Donostia (Anoeta), 2016-05

Gurean 2016an egon den mainstream ekintzarik aipagarriena da hau agian… eta ezin hobea izan zen. The Boss-ek zerbait egiten badaki, modu guztietako entzulegoa zelan ase daitekeen da: kanta ezagun pila jo zituen, zalegoarekin interakzionatu zuen behin eta berriz, barre egiteko eta gai serioak uneak aurkitu zituen, kanta ez horren ezagun nahikotxo ere jo zituen, bertsioren bat edo beste, bisak eta bisak jo zituen, eta amaitzeko This Hard Land-en sekulako bertsio bat utzi zigun. A, eta euskeraz bertoko hainbat taldek baino hitz gehiago bota zituen… Okerrena, agian, prezioa, nahiz eta Guns’n’Roses-ek egun hura merketu du…

  1. Ekiza, Donostia (Doka), Martxoak 17

Lekua, aparta. Soinua, primerakoa. Zalegoa, gogotsu. Eta musika, berezia, oso. Gerora beste hainbat lekutan ikusi izan dut Ekiza zuzenekoan, eta hainbatetan kanta bitxiak jo zituen eta akaso norbaitek esango dut setlist hobea aukeratu zuela, baina kontzertu hau bestelakoa izan zen.

Aspaldikoak: Audience, The Uski’s… eta Kiko Veneno

Sopelako Kosta Fest jaialdira gerturatu ginen gurean aspaldi dabiltzan eta askotan ikus ezin daitezkeen talde pare bat ikusteko asmoz, bakoitza musikaren polo bakoitzetik etorritakoak. Eta haiekin batera, Andaluziako abeslari mitikoa. Han aurkitu genituenak, espero bezala, planeta ezberdinetatik zetozenak ziruditen!

Audience: diskoak eta zuzenekoak, edota gaua eta eguna

Audience gutxitan ikusi izan dut zuzenekoetan (beste zenbaiten artean, euren webgunea ez dutelako eguneratzen! 😉 ), baina beti iruditu zait etxean ditudan diskoetako talde berdina ez dela taula gainera igotzen dena. Eta neurri batean hala da, musikari anitz aldatu dituzte eta. Baina ez da hori arrazoia: kontzertuetan bestelako energia irradiatzen dute, kantuak berauek ezberdinak diruditelako baizik. Diskoetako perfekzio eta aniztasun hori (zertxobait) alde batera utzi eta pop-rock “errazago” batetik gertu dagoen musika eskaintzen dute.

Kontzertu bizia izan zen. “Mugitua”. Instrumentu pila zekartzaten, eta denak erabili zituzten, eta bakoitzak bizpahiru instrumentu jotzeko aukera izan zuen… baina saioaren muina musikariak izan ziren. Haien mugimendu, gogo, dantza eta bestelakoak diskoetan ez dira islatzen, eta eszenatokian ordea dena betetzen dute. Kontzertua, bide batez, kanta berrietan oinarritu zen, hasierakoren bat ere eskaini zuten arren (“gure lehen diskoko lehen kanta. Orain bestelakoak egiten ditugun arren”).

Uste dut gerturatu ginen denok pozik amaitu genuela oso. Bai haien lagunak (mordoxka), zein aurretik ezagutzen genituenok (zenbait), eta baita ezagutzen ez zituzten gehienak ere (eta ziurrenik gehiengoa ziren). Laster arte, espero.

The Uski’s: zaharrak berri

The Uski’s taldea izugarri gustuko izan nuen bere garaian, baina egia da bai urteak neramatzala haiek ikusi/entzun gabe. Eta, tira, denbora pasa da, eta denboraren eragina nabaritzen da. Hasieratik igarri genuen, Iñigo (abeslaria) oroi nezakeenarekin aldaratuta ile laburrago eta askoz lasaiago agertu zenean, urteak aurrera doazen seinale. Oraindik haien hasierako energiaren zati bat gordetzen dute, baina jadanik ez dira hasierako “ekaitz” moduko hura: eszenatokia nola betetzen zuten, jende artera jaitsi eta mundu guztia dantzan zelan jartzen zuten oroitu dezaket oraindik, eta horren parte bat galdu dute gaur egun. Ez osorik, baina zerbait galdu dute. Normala, bestalde.

Hala ere kontzertu alai eta bizia eskaini zuten. Kantu berriak eta betirako geratuko diren aspaldiko beste horiek tartekatuz, han geunden denok mugitu ginen euren erritmo surflariekin. Nire ezusterako, lehen disko hartako kantu gutxi ekarri zituzten; Itxosun zarati nirean behintzat EHko musikako disko “horietako” bat izango da betirako, eta agian pare bat kantu gehiago espero nituen harengandik. Baina tira, ezin kexa.

Harritu ninduena zenbat gazte egon ziren haien kantuekin dantzan izan zen. Mordoxka. Lehen lerroak betetzen zituzten, eta ziren une bat bera ere ez gelditu. Urte askotarako merkatua dute Ibarrangeluarrek!

Kiko Veneno: not-so-greatest hits

Guk ikusi genuen azken kontzertua Andaluziarrarena izan zen. Eta zapore gazi-gozoa utzi zigun, egia esan. Agian ez lekurik edo zalegorik aproposena, baina ez da halako zerbait gertatzen den lehen aldia; Mundumira batean antzerako zerbait oroi dezaket.

Kantu ezagunak jo zituenean zalegoaren erantzun ona jaso zuen, mugitzeko gogoz baitzeuden (ginen) bertara gerturatutakoak. Baina tamalez kanta ez horren ezagun anitz agertu ziren, edota zalegoaren gehiengoarentzat ezezagunak behintzat, eta ile zuridunak ez zuen gehiegi lagundu haietan giro ona sortzen. Eszenatokiaren ertz batean kokatu zen, taldeari protagonismoa eman nahian nonbait, eta izkina hartatik abestu zituen abestu beharrekoak. Mugimendurik ez, kantuetatik at hitz gutxi (amaiera aldera bota zituen aipamen xelebre parea kenduta), eta dena oso “jarraia”: jo eta kitto. Ez zuen gehiegi lagundu zaleen gogoak erantzuteko garaian.

Soinu ona zen, eta kantuak ondo entzuten ziren, baina hura gehiegi disfrutatzen ari ez ginela zioen sentsazioa nabaritu nuen ingurunean (eta barnean). Soilik amaiera aldera, kanturik ezagunenak heldu zirenean, agertu zen denok espero genuen giroa. Edo agian bertara gerturatu ginenok espero genuen giroa; ziur naiz bere zale amorratuenek bestelako ikuspegi bat zutela. Tira, hobe behintzat aho-zapore horrekin alde egitea bestelakoarekin baino.

Eta horrekin agur esan genion Kosta Fest-i, fest xume baina atsegin horri. Jai gogoak ez ziren nagusi han, ez. Beraz, datorren urtera arte!

PD Kiko Venenoren kontzertuan dantza gehien nork egin zuen jakin nahi? Ba Audience-tarrak eta Joseba B. Lenoir. Alboan izan genituen eta zinez Andaluziarrenak eurek ziruditela!

 

 

EH Zuzenean 2015: 20 urte eta gero… Euskal Herriko festibalik onena?

20 urte eta gero… nire lehen aldia. Aurten lehen aldiz gerturatu naiz EH Zuzenean festibalera. Orain arte halakorik egin gabe nengoen, eta egia esan ez dakit zergatik. Bertan ikusitakoak eta gero, akats handia iruditu zait.

Gauza polit anitz dira Lekornen ikusitako horien artean, baina guztien artetik honekin geratuko naiz: festibal honek benetako festibalen osagai guztiak ditu. Festibal onenen osagaiak.

  1. Hiri handietatik urrun dagoen leku polit batean kokatuta dago. Mundua ahaztu dezakezu han barruan (nahi izanez gero, noski).
  2. Kanpin lekua kontzertuetatik gertu dago, eta guztia bateratuta egotearen itxura ematen du.
  3. Festibal giroa dago: musika berria entzun, musika ezagunaz gozatu, ondo pasatzeko asmotan dabilen jendez betea dago. Zenbait mozorro ikusteko aukera eta guzti!
  4. Talde aukeraketa orekatua, eta une orotarako taldeak: dantza egitekoak, burua astintzekoak, larre batean etzanda lasai ikustekoak…
  5. Su artifizialak dituzte! J

Beste arrazoi anitz ere baziren, baina tira, uste dut kontzeptua argi geratu dela. Ados, agian ez dituzte hiruzpalau talde jotzen aldi berean festibal handiek egiten duten moduan… baina diru kontuak baino ez dira horiek. Apika aktibitateren bat gehiago izateak ez zion kalterik egingo ezta, baina eskaintza ona denean halakoak ez dituzu horrenbeste falta botatzen.

Eta, festibal handiak ez bezala, garbi xamarra da… eta ez da horren garestia.

Larunbata: izen handiak, izen txikiak

Larunbatean gerturatu ginen bertara. Musika eremura egin orduko Electro Deluxe taldea ari zen jadanik jotzen (benetako festibaletan ez da beharrezkoa musika eremura joatea festibalean zaudela sentitzeko), eta benetan asmatu zutela esan behar. Bai taldekoek zein berau kontratatu zutenek. Giroa pizteaz gain, musika ona eskaini zuten, eta inor gutxik ekidin zion dantza egiteko dei hari. Madness modukoak ekarri zizkidaten burura, haien musikak beste ildo batetik egin arren (oso ezberdina ez bada ere), edota Caro Emerald lehen aldiz entzun genuenekoa.Electro Deluxe 1 Funk eta jazz nahasketa bitxi honek sekulako soinua agertu zuen. Jarraitzaile ugari zituen taldeak bertan, baina ezagutu berri zituztenak ere asko ziren. Denek batera oso giro alai batean pasa zuten kontzertua. Eguzkia zeruan eta berorik gogorrena pasata, egun hartako unerik onenetarikoak ekarri zituzten.

Skakeitan taldearen txanda ondoren, eszenatoki “estalian”. Mutil hauei agian hainbat gauza leporatu ahalko zaizkie, baina ez gogo falta edota euren soinuetan sinisten ez dutenik. Aurrekoa bezala talde jendetsua da hau ere, eta aurrekoak bezala baita jendaurrean ondo moldatzen den abeslaria dute. Baina bi taldeak ondoen bateratzen dituen ezaugarria talde izaera da: denek hartzen dute parte, denek dute euren momentua, eta batez ere denek ondo pasatzen dutela dirudi. Eta hori nabaritzen da. Zuzenekoan beraien ska apustuak punk ukituren bat hartzen du, eta taldekideen intentsitateak hori areagotu baino ez du egiten. Skakeitan 2Ez dut uste kontzertura gerturatu zen inork ondo pasa ez zuela esango zuenik (eta ez ziren gutxi izan gerturatu zirenak, ez!) Musikalki, oraindik bide luzea dutela uste dut, batez ere soinu propio bat garatzeari dagokionean. Baina argi dago eroso eta gustura daudela eszenatokiaren gainean, eta momentuz horrekin nahiko dute: ez da gutxi! EHko ska eszena zabal eta oparoaren jarraitzaileen artean sartuko ditugu, eta jarraitu beharreko taldeetariko bat.

Eguneko saio nagusia Berri Txarrak zen, noski. Hilabete zeramaten kontzerturik eskaini gabe, eta haien DDPB biran kontzertu ugari eman eta gero, haien eboluzioa zelakoa izan den ikusteko ordua zen. Agian festibal bat ez da lekurik aproposena horretarako, baina txarrena ezta.

Oraingoan, noski, ez zuten azken diskoa osotasunean jo; abesti berriak eta zaharrak tartekatu zituzten. Etsiak zabaldu zuen gaua, baina laster genuen Iparra galdu Hegora joan belarrietan. Hitz eskas eta musika askoko gau horietarikoa izan zuen taldeak: lehen 5 kantak atsedenik gabe aurkeztu zituzten. Zenbait joera errepikatu ziren (Orekan bertsiorik ez sartzea kasu) eta berritasun kuriosoren bat agertu zen (Folklore eta gero Gure Dekadentziaren Onena ez entzutea arraro gertatu zitzaidan!). Hori bai, amaiera sekulakoa izan zen: Oihu eta gero Denak ez du balio etorri zen. Ordurako suziriak agertu ziren jendartean; segurtasunaren arduradunak berauek dantzan eta abesten ari ziren. Eta segidan Lemak, Aingurak eta DDPB. Ikaragarria.BTX soinu frogak

Arazo nagusia laburtasunean egon zen: konturatu orduko kontzertua amaitu zen. Enkoreentzako tarterik ez zen egon ezta. Bai, gehiago jasotzeko irrikan geunden gehienok. Tira, beste batean izan beharko. Talde honi, 20 urtetako historia gainean izanik, jadanik horrelako saio laburrak txiki geratzen zaizkio.

Bide batez, oraingoan ere ez ziren aspaldiko UPN buru-behera idatzitako hitz haiek agertu; trukean, Gorkaren gitarraren atzealdeak OXI argi bat agertu zuen.

Su artifizialek festibala guztiz geldiarazi eta gero, Joseba Lenoir Gangaren txanda heldu zen. Boskote moduan osatu zirenetik haiek nekusan lehen aldia zen.

Eta ez zen izan nik espero nuena.

Lenoirren musika ezagututa, eta aurrekotan Felixekin batera duo moduan egiten zutena ezagututa (blues-etik gertuago ziren beste ezer baino), doinu lasaiak espero nituen. Josebaren azken diskoa ere ildo beretik doa. Eta osagai berrietariko bi Napoka Iria taldeko partaideak direla jakinik, ba arrazoi gehiago horretarako. Baina ez.

Soinu pisutsuak, elektrikoak, oso beteak eskaini zituen taldeak. Felixen lana Willis Drummond-ekin egiten duenetik gertuago zirudien beste ezerengandik baino, eta Xan (Willis Drummond-en dabilen beste taldekidea) ere gustura zebilen bertsio ozen horietan. Erraietatik erran, agian Josebaren kanturik borobilenetarikoa, bestelako kantu bat zirudien distortsioaren maindirearen azpian.Joseba B. Lenoir gang

Kontzertu hau ere azkar igaro zen, oso. Gustatuko litzaidake talde hau beste giro batean ikustea: argi dago hartutako soinua halako festibal batean oso egokia zela, baina nahiko nuke jakin ea areto txiki eta “lasaietan” jotzen dutenetan estilo hau mantentzen duten. Aukerak egongo dira horretarako, espero.

Anestesia zen hurrengo taldea, baina zerbait oker joan zen nonbait eta haien saioa zertxobait atzeratu zen. Egun luze baten ostean, etxera joateko ordua genuen. Patata batzuk jatekoa baita. Bide luzea oraindik aurretik. Datorren urtean gehiago, eta hobeto. Zinez, EHZ.

Xelebrekeri moduan, Joseba Lenoir Gangen kontzertua alboan Berri Txarrak taldeko Gorka eta Galder genituela ikusi genuela aipatu behar. Hau da Euskal Herriak eskaintzen dituen gauza polit horietariko bat. Gozatu ditzagun!

PD merkateknia apurtxo bat ere ez legoke txarto egongo!