Blogaren artxiboa

Bullitt, Yellow Big Machine eta Morgan Durangon: hotzaren gainetik egongo da musika beti

2016-10-15, Durango.

Durangoko txosnetako arduradunek beti dakarkigute goranzko bidean den talde baten kontzertua herriko jaietan. Aurten ere hala izan da… nahiz eta, aurtengokoan, ezin dut erabaki zein izan den gorantza doan talde hori!

Morgan madrildarrek hasi zuten gaua. Egia esan, txosna gune batean, ostiral bateko P1110263-3.jpggaueko 22tan jotzeko talde aukeraketa bitxia: estilo lasaiak kafera gehiago gonbidatzen du kalimotxoetara baino. Hala ere, jendetza bildu zen bertan eta adi jarraitu zituen boskotearen nondik norakoak. Abeslari hizlari batek entzulegoa adi mantentzea lortu zuen. Musika ederra iruditu zitzaidan, ganora gehiagorekin entzuteko modukoa.

Ondoren Yellow Big Machine heldu ziren. Laukotea indarrez gainezka dator, eta beraien diskoek asko irabazte dute zuzenekoetan; hau esatea nahiko ohikoa da, baina euren kasuan ezin egia borobilagorik bota. Horrelakoa izan zen kontzertua baita: hasieratik ekin zioten gogor, eta ez zuten une bakar batez utzi doinuari. Weezer eta Ramones arteko nahasketa bat eskaintzen dute, rock punkeroa eta musika esperimentala doinu erakargarrietan bateratuz. Bertan geunden guztiok hotza gainditu eta dantzan jarri gintuzten! Hori bai, onartu behar hotza medio (edota gaur egun kontzertuetara geroz eta jende gutxiago joaten dela tarteko), inor gutxi geratzen zela ordurako…

Hobetzekoak: eszenatoki txikietan hobeto moldatzen dira handietan baino, eta bateriajoleak beste kide guztiak eklipsatzeko moduko energia du! Energia hori beste 3 kideek bereganatuko balukete… buf! Hori bai, Rober bateriak dioen moduan, “hori euren arazoa da!”

Azken orduan Bullitt kataluniarren txanda izan zen. Denbora luzea zeramaten Euskal Herrira gerturatu gabe eta entzule faltan nabaritu zen; zenbaitek hotzari egokitu zioten, baina zintzoak izan ziren eta gero onartu zuten: “4 urtetan ez bagara hona hurbiltzen, zer espero genezake ba?”

Bertan geratu ginen gutxiok sekulako kontzertua jaso genuen trukean. Soinu garbi eta fina, taldearen makineria ondo koipeztua, lehen unetik gogor ekin zioten. Beraien azken diskoa, Sparks, osorik jo zuten bi ataletan: lehen aldea hasi eta berehala, eta bigarren aldea aspaldiko beste zenbait kantu tartekatu eta gero. Diskoa iazko lanik onena izan ez bazen Estatu mailan, gutxiren faltan geratuko zen (edo hori da, behintzat, nire uste apala), eta zuzenekoak sentipen hori areagotu baino ez zuen egin. Handiak!

Xaviren ahotsak ez du ezer galtzen zuzenekoan, akaso irabazi; beste kide guztiek ondo laguntzen diote, bizitasuna eta indarra gehituz emaitza finalari; Ferranen “ordezkoak” ere primeran egin zuen (halakoetan ordezko hitza onena izan ez arren). Niri kontzertua labur egin zitzaidan, eta uste dut ez nintzela bakarra izan. Gustura entzungo nuke taldea berriz gurean, oraingoan gela itxi eta beste ordutegi batean. Badakizue, zain gaituzue!