Blogaren artxiboa

Muchachitoren bizitza anitzak

Bilboko Kafe Antzokia, 2014-11-14

Katalunia aldeko rumba horrek Muchachito Bombo Infierno taldean izan du azken urteotan emaitzarik onenetarikoa. Joan etorri asko eta gero, 10 musikari eta margolari batez osaturiko taldeak nolabaiteko ospea lortu zuen eta Espainiar estatuan gora eta behera aritu ziren zenbait urtetan. Egia esan, ni neu ez naiz rumba horren zale amorratua, baina talde honek badu zerbait berezia; xelebrekeria bezala, Ingalaterrako eta Frantziako zenbait lagunek (rock gogorraren zale amorratuak) tipo hau ezagutu eta gustuko zutela esango dut, hortaz bakarra ez omen naiz salbuespen horretan.

Muchachito delako pertsonaiaren atzean Jairo Perera dugu, eta arazo bat omen du antza: ezinegona. Ezin musika egin gabe egon. Ezin geldi egon. Horrela, taldeak atseden hartzen duen bakoitzean tipoak bere musika hartu eta eszenatokietara itzultzen da. Bost axola nor duen alboan. Hartara oraingoan Bilbora ekarri zuen lagunartea: Muchachito y sus compadres izenpean, Jairo eta beste hiru musikari agertu zitzaizkigun Bilboko Kafe Antzokian.Muchachito y sus compadres

Ezinegon horren eszenifikaziorik onena kontzertuaren hasieran eman zen: gaueko hamarretan hastekoa zen saioa ordu laurden arinago hasi zuen. Zertarako itxaron, pentsatuko zuen nonbait. Egia esan, ez dut halako kasurik oroitzen musikaren munduan. Edonola ere, aretoa ordurako lepo zegoen, oraindik jendea sartzen ari zen arren.

Muchachitok bere ohiko show-a eskaintzeari ekin zion hasieratik. Gitarra etengabean astintzen, izerditan hasi zen laster. Bere musika estiloari Rumboxing deitzen dio berak, eta jotzen ikusten duzunean erraza da hura ulertzea: zalegoarengandik gertu, sokak jotzen ditu kirol bat bailitzan, azkarrago jotzen baditu musika hobea izango delakoan.

Bere atzean Santos de Veracruz margolaria genuen. Bombo Infierno talde guztia aurrean duenean koadro bat margotzen du kontzertu bakoitzean; honetan, eszenatoki gehiago berarentzat izanik, bi margotzea erabaki zuen.

Alboetan, Los Delinqüentes taldeko El Ratón (honen kasuan ere zaila gertatzen zitzaigun bere eskuak ikustea, horren azkar mugitzen zituen) eta Alberto, Bombo Infiernoko tronpetetariko bat. Bonborik ez ordea.

Oharra: Muchachitoren kontzertu batera gerturatuz gero ondo pasatzeko asmoarekin egin behar duzu. Kanta eta kanta artean (eta baita kantetan zehar) barreak eta pasadizoak eta komeriak izango dira nagusi. Irribarreak gutxitan egingo dio ihes aurpegitik Muchachitori, letraz beteriko abesti horietan ere ez. Oraingoan ere hala izan zen: barrez inguratuta geunden. Dantzaz baita, mundu guztia mugimenduan jartzeko abilezia baitu tipoak. Baina esan bezala, ondo pasatzeko sentipena sortzeko ahalmena du. Rumba oso gustuko ez baduzu ere, emaiozu aukera bat, ez zara damutuko.Bombo infierno

Edonola ere, ezinezkoa da talde osoa alboan zueneko garaiekin aldaratzea bere formatu berria. Eta hortan ez du irabazten. Musikalki, bonboaren falta sumatzen da gehien, baina baita piano edota kontrabaxuarena. Bonboak bizitasuna eta potentzia ematen dio bere musikari, eta hura gabe ez da gauza bera. Eszenikoki, beste musikari guztiek betetzen duten lekua ez dute betetzen bere lagun berriek. Futbol zelaiaren neurriak mantendu baina 11 jokalarirekin jokatu beharrean 6ekin irtetearen parekoa da.

Jendeak ondo pasatu zuela gauza argia zen haien aurpegietan. Bai bere kantu gehienak ezagutzen zituztenek, bai soilik “hit”-ak ezagutzen zituztenek, baita kanta bat bere ere ezagutzen ez zuten horiek. Denek egin zuten salto, oihu, barre eta dantza. Bere kanta ezagunenak abestu zituen (Los Rodriguez-en bertsioa izan ezik, apika), bertsio pare bat eskaini zuen (Peret eta Manzanitarenak), kanta ez horren ezagunak ere agertu zituen (ezagunenen artean ondo tartekatuak), eta bi ordutik gora aritu zen alde batera eta bestera. Ezin askoz gehiagorik eskatu.

Baina aurretik (edo atzetik) eskaini zezakeena ezagututa, nik bai eskatu nahi nien zertxobait gehiago. Lagunak (“compadreak”) ondo daude, baina aukeran Bombo Infiernoa nahiago.

Dena den, Jairo ipurterrea ezagututa, ziur laster dugula bueltan beste formatu eta asmo batzuekin. Eta itzultzen denean han egongo gara baita.Muchachito