Blogaren artxiboa

Autoekoizten

Gatiburen CDak agortu ziren, Berri Txarrakekoekin argazki bat lortzeko ilara eraikinaren kanpoaldetik hedatzen zen, Hesianek inoiz baino gehiago saldu zuen… Euskal musikarentzat plaza ona da Durangoko Azoka, eta aurten ez zen ezberdina izango. Jendez gainezka izan dira tabernak eta Azoka eremu bera (aurreko urtetako joera aldatuz), lau egunak busti dituen euriak Euskal kulturari bultzadatxo bat eman zioen bitartean.Azoka

Baina ohiko diskoetxe eta argitaletxeetatik at bazen txoko berri bat aurten bertan. Autoekoizleen Plaza izenpean, beraien lanean sinistu eta berau autoekoizten duten 5 musika talde (eta zenbait idazle eta bestelako) batu ziren stand dotore batean. Ez ziren bakarrak: Zea Mays edota Gatibu bezalako talde errotuek ere autoekoizten dituzte beraien lanak. Baina bai ordea horren ezagunak izan ez arren bide berezi hori jorratzen duten taldeak.

Esperientzia politatzat jo zuten gehienek. Salmentetatik at (onar dezagun, jende gehienek euren xoxak talde ezagunentzat gordetzen dituzte, berdin dio Durangoko Azoka zein edozein hiriburutako Fnac-a izan), bestelako kontaktuak ahalbidetzen dituzte halako ekimenek. Jende berria ezagutzeko aukera, esperientziak partekatu, pasadizo xelebreren bat bizi, prentsaren arreta bereganatzeko uneak, jendeak taldearen izena (gutxienez!) lehen aldiz entzuteko parada, Ahotsenean jotzeko eskaintza… Salmenten gainetik, beste zerbait bada.

Egon ziren bai bertokoen disko guztiak erosi zituzten pertsonak; standera gerturatu eta, musika apenas entzun gabe, talde guztien lanak eskuratu zituzten. Filosofian sinisten zuten pertsona ziren, soinuaren gainetik ideiari bultzada eman nahi ziotenak. Egon ziren baita taldeen musika entzuteko denbora hartu (standean bertan posible zen hori egitea) eta erabaki zutena. Taldekideren batekin hitz egin, lanaren xehetasunak ezagutu, proiektuen jatorriez galdetu zutenak ezagutu zituzten taldekideek. Nondik norakoengatik galdetzen zutenak ziren, eta argazkiak edota sinadurak nahi zituztenak, eta baita paso egiten zutenak ere. Leku gutxik eskaintzen du halako aukera gurean, bai publiko kopuruari zein esperientziari dagokionean.

Autoekoizpenarena sarri izan da hasten diren taldeekin lotutako hitz bat. Beraien lehen frogak egiten dituen taldeen frogalekua. Eta zenbaitetan hala da, baina ez beti. Adarrots taldearen kasua lekuko. Aurten euren 10. urteurrena ospatzen zuten, eta berau ospatzeko CD eta DVD bat besapean aurkeztu ziren azokan.adarrots2

Folk-a jorratzen du talde honek. Eta euskaraz abesten dute (abesten duten kantutan). Beraz ezin esan berain merkatua izugarri zabala denik, ezta gutxiagorik ere. Agian hor aurki daiteke beraien autoekoizmenaren arrazoia. Hala ere, teknikoki oso talde landua da, soinu garbia eta ona dute. Agerikoa da ez direla heldu berriak ez.

Folk nahiko tradizionala egiten dute. Zenbaitetan “euskal” ukitu bat gehitzen diote (ahotsean nabarmena gertatzen dena batik bat, baina ez gehiegi instrumentuetan, izentzen dituen adarra salbu), baina ez da oso agerikoa. Nabaritzen zaie ez dutela komertzialtasunaren bidea jorratzen, esperimentu arraroetan sartzen ez diren arren. Zerbait faltan botatzearren, hor aurki genezake esatekorik: haien soinua bakana edo bereizgarria egiten duen zerbait agertzea legoke. Baina tira, hori norberak erabakitzen duen bidea da (horretarako autoekoizten dute azken finean, inork egin behar dutena esaka ez izateko).

Haxotz ordea hasten ari den taldearen kasu argia da. Bigarren diskoa aurkeztu zuen Bilbo ingurutako taldeak, lehena baino askoz ere zainduagoa berau. Zentzu askotan zaindua, ez soilik kanpoalde politean. Hardcore melodikoa lantzen dutela diote haien hitzek, nahiz eta etiketa hori ezartzeak askotxo mugatzen duen haien soinua idazten duenaren ustetan.

haxotzPertsonalki Lor talde ohia dakarkit burura: musikalki erreferentziaz beteak (bai ingurukoak zein atzerrikoak), disko pare baten beharra izan zuten beraien benetako maila agertzeko (idazten duenaren uste apalean, 3.ean lortu zuten). Haxotz bide horretan dagoela dirudi: beraien soinuaren nortasunaren lehen urratsak agertzen hasi dira (apika ahotsa da haien ezaugarririk agerikoena une honetan), egiten dutenean sinisten dutela nabaritzen zaie, Ahotsenean agertutako saioan gogotsu daudela eta ondo prestatzen dutela haien musika argi utzi zuten… Lehen aipaturiko Lor taldekoek azkar aurkitu zuten beraien txokoa eta zalegoa, eta handik handitzeari ekin zioten. Haxotz lehen urrats horietan dabil, baina horretarako lehen harria ezarri dute: kalitatezko soinua eta kanta borobilez beteriko disko bat dute besapean.

Goiz da oraindik talde honen ideia bat izateko. Une honetan, hazteko aukera anitz dutelaren sentsazioa agertzen dute. Eta hori ona da; hasieretatik potentzialik agertu ezean, asunto eskasa. Kantetan barietate gehiago, instrumentuen oreka nabarmenagoa eta halakoak eskatu ahal zaizkie, baina hori guztia ziurrenik beraien soinua guztiz finkatzen denean helduko da. Ea bide luzea egiterik baduten (lehen aipaturiko Lor ez bezala); momentuz, oso itxura ona duen taldea da hau.

ON taldea ostera crowdfunding bitartez argitaratutako disko bat ekarri zuen, taldearen bigarrena. Itsaso Gutierrez buru duen taldea (jadanik nahikoa talde eta eszenatokitan trebatua berau), rock melodikoa lantzen dute. Soinu garbia eta boteretsua, Itsasoren ahotsaz lagundua, lehen entzunalditik gustuko izan dezakezun horietarikoa da. Agian standean ziren taldeen artean entzule arrunt batentzat errazena suerta daitekeen taldea da hau, halakorik esatea atrebentziatzat jo daitekeen arren musika kontuei dagokienean.

Taldearen (edota, gutxienez, orain arteko diskoen) lotura haria eguneroko gauzak emakumeen ikuspuntutik azaltzean datza. Bere alde ona badu honek: diskoari disko esentzia ematen dio. Gaur egun talde asko dira kanta puska batzuek hartu eta CD batean batzen dituztenak, haien artean inolako harremanik izan gabe. Ez da kasua: hemen gai argi bat dago, lanari koherentzia ematen diona. Bestetik, bere alde txarra izan dezake: taldearen eremuak murriztu ditzake, eta agian zenbait eremutan etiketa “feminista” gehituko zaio. Auskalo. Edonola ere, orain artekoak hortik joan izanak ez du esan nahi etorkizunean ere hortik jarraituko dutenik. Musikalki, dena den, eskaintza oso ona, zinez. Nire aldetik, zerbait eskatzekotan, agian CDaren azal erakargarriago bat eskatuko nieke. Nire gauzak, agian.

Askoz zailagoa zen ordea Khous nafarra bezalako talde baten soinua publiko mainstream baten aurrean agertzea. Metal iluna, industriala, soinuz josia, trash-aren resonantziaz betea, askori ez zitzaion horren entzun erraza gertatuko. Fedea CDarekin agertu ziren Azokan, trilogia baten bigarren alea hain zuzen ere. Gertaera xelebre bat izan zuen ordea talde honek: Azoka lehen egunean, goizez, gehienbat ikastetxeei erreserbaturiko eguna berau, gaztetxo batek standean ziren aurikularrak hartu zituen. Khous-en diskoa zen entzungai une hartan. “¡Qué guapo!” bota zuen irribarretsu eta azkar asko erosi zuen CDa. 5 minutu ere ez ziren pasa koadrillako beste guztiak agertu eta haiek ere diskoa erosi aurretik. Azoka kontuak.

Musikalki soinu ona agertzen du taldeak. Erreferentziaz betea hauek ere, agian berrikuntza falta izan daiteke leporatu ahal zaiena. Baina metalaren zalea izanez gero, emaiozu aukera bat talde honi, kantak ondo osaturik eta egituratuta agertzen baitituzte. Pertsonalki kanta luzeen ez oso zalea (salbuespenak salbu, noski), 4 minututik gorak kanta izateak harritu ninduen, askoz laburragoak baitirudite haiek entzutean. Ziur ahotsen nahasketak (aipaturiko trash-a zenbaitetan eta melodikoa bestetan) zenbaiti atzera egin diela hasiera batean; utzi aurreiritziak albo batera talde hau entzuterakoan.

Eta azkenik, Sobieht. Orain arte aipaturiko talde bakoitza unibertso ezberdin batetik bazetorren, ezin gutxiagorik esan hauei buruz. Bizkaitar hauen kasuan, gertaera xelebrea eurek jarri zuten: Azoka hasi baino astebete arinago inguru erabaki zuten taldearenak egin zuela. Bai, Azokan egoteko aukera lortu eta, handik gutxira, osasun arrazoiak eta bestelako batzuek tarteko, beraiena akabo zela erabaki zuten. Tira.

Autoekoizpenak, noski, ez du taldeen soinua mugatzen. Eta hau guztia esan eta gero, talde bakoitzaren jatorria eta norabidea ere mugatzen ez duela argi dago. Gauza bakar batean zuten lotura taldeek: egiten zutenean sinisten zuten, hartutako norabidearekin ziur eta ados zeuden, eta aurrera jo nahi zuten, beste inoren traba edota esanen menpe egoteko behar gabe. Bizitza luzea halakoentzat.

Hurrengo urtean Durangotik gerturatuz gero, egiezu kasu. Merezi dute. Bestelakoei kasu emateko urte guztia duzu eta.

PD Talderen batek biniloan ezer argitaratu ez izanak harritu ninduen, egia esan!