Blogaren artxiboa

Berri Txarrak-ek arazo pila dituzte: Plateruena 2016-11-05

Onartu dezagun: Berri Txarrak taldeak arazoak baino ez ditu azkenaldian. Eta ez dute konponbide errazik gainera. Tamalez, Durangoko Plateruenean eskaini zuten lehen saioan agerian geratu ziren arazo hauek guztiak, Euskal Herriko talde guztiak jeloskor jartzeko moduko arazoak.

Hasteko, abesti on gehiegi ditu taldeak. Larregi. Beti espero dugu haien hurrengo diskoa eskas samarra izatea baina ez, zein baino zein hobegoak dira. Kantu onak, oroitzeko moduko kantak, pilatu eta pilatu, kaka! Eta kontzertu batean denak sartzea ezinezkoa denez, aukeratu behar. Baina zein utzi kanpoan? Denak ez du balio, Oreka eta bestelako asko jotzera derrigortuta egon beharko litzateke taldea, legediak derrigorrezko bilakatu beharko luke hori. Baina aukera aukeratzea da, edota 4 ordutako saioak egitea edota… 2 kontzertu eskaini, bata bestearen ondoan. Hori egin zuten oraingoan ere, aspaldi Bilboko Kafe Antzokian abendu partean izan ohi zuten ohiturari jarraikiz.  Baina noski, kontzertu bakoitzean soilik kantu kopuru mugatu bat agertu behar, eta hortaz hasierako arazoan bueltan gara. Tira.

Beraien abestiak gutxi bailira, bertsioak eta moldaketak ere atsegin dituzte. Eta ondo egiten dute. Urteetan Nirvana, Muse, SOAD eta beste askoren bertsioak egin badituzte, azken aspaldian Euskal taldeen bertsioak dakarzkigute zuzenekoetan… eta primeran jotzen dituzte, zenbaitetan sortzaileak baino hobeto. Bertsioak edota taldearen kantu propioak? Hau bai zaila! Tira.

(Durangoko lehen saioan 7 eskaleren Kaixo amatxo ekarri ziguten bueltan. Bideoan ikusgai… eta entzungai, batez ere)

Arazoekin jarrai dezagun: jotzen duen leku eta egunean, hauek edozein direlarik ere, sarrerak agortzen ditu taldeak. Gorkak larunbatean ondo ohartarazi gintuen moduan, hau “salbuespena” da, ez ohitura. Baina sarrerak agortzeak esan nahi du jende asko kontzertua ikusi gabe geratzen dela. Hori gutxi balitz, sarrerak hiruzpalau hilabete arinago agortu ziren! Gela beteek denek arestian bezain ondo ikusi/entzun ezin dezaketela ere esan nahi dute. Tira.

(horretarako duzue hemen saio osoa! Edozein kritika baino hobea, bakoitzak epaitu dezala)

Beste bat: musikari onak izateaz gain, aspaldian Gorka abeslariak mikrofono aurrean hitz egiteko garatu duen ausardia batu behar diegu hirukotearen saioei. Eta esateko gauza interesgarriak izan ohi dituenez, sarri ez dakizu kantak entzun nahi dituzun edota halako mini-speech horietariko bat entzun nahi duzun. Tira.

Azkena: musika ona egiteak, jende askok gustuko izatea dakar. Ez soilik Euskal Herrian, beste leku askotan ere. Eta, noski, han ere jo behar. Ondorioz, gutxitan ditugu gure artean. 4 kontzertutako mini-bira hau eta gero (izatez, Hegoameriketako kontzertuetarako warm-up modukoa), batek daki noiz ikusiko ditugun berriz gure artean. Taldekideak egunak eta asteak furgoneta, hegazkin, auto eta bestelakoetan gora eta behera, eta gu haiek gabe. Denok galtzaile. Tira.

Ez genuke ahantzi beharko honelako altxorrak zeinen arraroak diren, honelako kontzertuak harri bitxiak direla, eta merezi duten bezala zaindu beharko genituzke. Sarri ez dugu egiten, eta egunen batean haien falta somatuko dugu. Nik, jadanik, larunbatekoa faltan botatzen dut. Tira.

PD beraientzako nahiko lituzkete Berri Txarraken arazoak beste hainbat eta hainbat talde!!

Ekiza zuzenean: Doka eta Plateruena

“Jurgi Ekiza Willis Drummond-eko abeslaria da”, edo antzerako zerbait datorkigu burura gutariko askori abeslari honen izena entzutean. Baina bere kontzertuetara ez ginen horretara, talde horren soinuak entzutera, gerturatu: ahots polit eta bakana duen tipo horren bakarkakoa zen hura. Eta, nik behintzat, ez nekien zer espero nezakeen.

Donostiako Dokan eman zuen lehen kontzertua. Ostegunean. Ikusminaz gainezka gerturatu nintzen.P1080430.JPG

Lehen ezustekoa: kontzertuan eserita egongo ginen. Kandela apur batzuek girotuko zuten gela, besterik ez, eta intimitatea izan zen barrura sartzean sentitu nuen lehen gauza. Apaingarririk ez: han soilik abeslaria egongo zen, egiazkoa, gezurrik gabea, artifiziorik gabea.

Bigarren “sorpresa”: bakarrik abestuko zuen. Kolaboratzaile baten presentzia espero nuen baina ez, ez zen halakorik egon. Egia esan, beharrik ere ez zuen izan.

Hirugarrena: looper baten laguntza izan zuen kanta guztietan… eta oso ondo egin zuen. Ez naiz loop-en makinen zalea, aitortu beharra dut, baina oso ondo erabiltzen jakin zuen. Zalantza nuen beste elementuak zelan joko ote zituen, edota nola moldatuko zituen kantak berak bakarrik jo ahal izateko… eta hura erantzuna. Emaitza, ona.

P1080435.JPGLaugarrena: kantak askoz hobeak dira zuzenekoan diskoan baino. Askoz sentimendu gehiago transmititzea lortu zuen Ekizak, askoz gertuagokoa zen, diskoa agertzen ez ziren asko antzeman nituen han. Eta, gainera, diskoan agertzen ez diren asko gehitu zituen (bertsioak barne). Aipagarriena (nire aburuz), Neil Young-en Cortez edo Cortez the Killer gehitu izana, saio nagusia itxi zuena; gero kanta bat gehitu zuen bis gisa, publikoak eskatuta.

Gertukoa, xaloa, umila ere agertu zen Jurgi emanaldian zehar. Handi-mandiekerietatik urrun, urduritasun kutsu bat kendu ezinean. Benetakoa agertu zen, azken finean. Egiazkoa. Diskoetan halakoa dirudi, eta kontzertutik irudi hau egiaztatu izanaz pozten naiz, hau baita nire aburuz abeslaria hobetoen definitzen duen ezaugarria.

Durangoko Plateruenan oso bestelakoa izan zen emanaldia. Hasteko, beste talde baten telonero zelako: Peiremans ikustera gerturatu zen entzulegoaren gehiena. Baina lekua ezberdina zen (handiagoa), giroa baita (larunbata eta, tira, zutik geunden), eta esperotakoa ere ezberdina zen (saio laburragoa eta agian biziagoa espero nezakeen).P1080438.JPG

Baina ez zen hala gertatu: planteamendu berdina agertu zuen Jurgik. Saio intimista, lasai, sakona eman zuen. Noski, gu ez geunden eserita, baina bera bai. Ausart agertu zen. Soinu ona, garbia agertu zuen, bere looper horren laguntzaz beste behingoz. Egia esan Durangoko plaza ezin hobea da soinu ezin hobea lortzeko, eta ondo aprobetxatu zuen Jurgik horretarako.

Saioa ostegunekoa baino laburragoa izan zen. Hura ere, esperotakoa. Cortez-ekin itxi zuen beste behingoz, baina Laboaren bertsiorik ez zigun eskaini oraingoan, beste zenbaiten artean.

Aldatu zena giroa izan zen: argi asko, bertara gerturatu ziren gehienek ez zuten Ekiza entzuteko egin. Giro mugituago, alaiago baten bila ere bazebiltzan gehienak. Laster hasi ziren zurrumurruak eta hurrengo taldearen esperoa. Era berean, askok looper-aren erabilera ulertu ez zutela uste dut, entzun nituen aipamenei jaramon eginez gero behintzat. Tira, eurentzat okerrago, nahiz eta onartu behar dut agian saio mota hura lekuz kanpo egon zitekeela. Hala ere gogo biziz bete zuen berari zegokion txokoa abeslariak.

Neuk gustura entzun nuen Jurgiren saioa, eta denbora luzean azkena izango zela jakitea izan nuen pena bakarra.

Jurgik hau irakurtzen badu, hala izan ez dadila espero dut.

PD Diskoaren iritzia idatzi nuenean Eddie Vedderren influentzia gehiago espero nuela aitortu nuen. Hara, ba zuzenekoan bai, honetan sumatu nion Iparramerikarraren ukitu hori. Onerako, noski.

 

@gutxes