Blogaren artxiboa

Belakoren bidean

2012ko Ekaina.

Durangoko Plateruenan Berri Txarrak-ek jotzen zuen gau hartan. Normalean telonero lanetan aritzen den taldea ikusteko ohitura izaten dugu, baina egun hartan berandutu ginen eta telonero horren saioaren erdialdera heldu ginen. Durangoko Antzokian beti hartzen dugun iskinan ezarri ginen eta haiek entzun genituen. Haien izena zein zen ere ez genekien.Belako

Gazteak ziren, oso, telonero lanetan ziharduen talde hartakoak. 2 mutil eta bi neska zeuden taula gainean, teklatu eta guzti, eta soinu potentea egiten zuten. Zaratatsua, agian. Teklatuaren presentzia nabarmena zen taldean, zenbaitetan gitarrak estaltzeko puntura arte ozena; ez da oso arrunta hura. Nesken aurpegiak ikusi ere ezin genuela oroitu dezaket, ilea luze eta aurrera botata zuten eta. Mutilak nahiko lotsatiak ziruditen. Taldekide guztiek 16 urte inguru zituztela iruditu zitzaigun.

Kanten haria ezin izan nuela hartu ere oroitu dezaket, melodia zein zen ezin aditu. Ideia musikal ona zela hura, baina zerbaitetan gauzatzetik urrun zegoela. Urbizuk gero “gogor dator gazteria” esan zuen laukote hau aipatuz, eta benetan gogor zetorrela pentsatu nuen, baina gogortasun hari oraindik bestelako asko falta zitzaiola ere pentsatu nuen.

Talde haren izena Belako zela ez nuen jakin une hartan.

2013ko Apirila.

Betelu ingurutan mendi buelta bat emateko plana egin genuen lagun batek eta biok igande hartan. Kasualitatez, noizean behin Twitterri botatzen dizkiodan begirada azkar horietariko batean, Berri Txarrak-ek Lekunberriko Kantinan kontzertu bat emango zuela irakurri nuen. “Aizu” esan nion lagunari, “zer iruditzen menditik jaisterakoan Lekunberrira gerturatu eta kontzertu honetarako sarrerak lortzen ahalegintzen bagara?” Ideia ona zirudien, eta saiatzea adostu genuen.

Noski, txio hura txarto irakurri nuen: Berri Txarrak-ek idatzia zen arren, ez zuen euren kontzerturik iragartzen, beste talde batena baizik. Baina ez ginen hortaz ohartu askoz beranduago arte.20160227_020656

Kantinara arratsaldeko lauak aldera gerturatu eta bertako tipoari geroko kontzerturako sarrerak erosi genitzakeen galdetu genion. Tipoak harridura aurpegia jarri zuen. “Bai, baina hori geroago. Kontzertuaren orduan salduko ditugu.”

Harridura aurpegia gurea izan zen orduan. “Ados… baina ez al dira agortuko? Badakigu igandea dela, eta Lekunberrin jende askorik ez dabilela, baina, ez dakit… Agian…” Tipoaren susto eta barre aurpegia ikustekoa izan zen. Ezetz esan zigun, lasai egoteko, arazorik ez zela egongo. Eta guk, batere sinetsita egon ez arren, handik alde egin genuen beranduago itzultzeko asmotan. “Ikusiko duzu, baietz gero jende pila etorri Berri Txarrak ikustera…”

Tipoak arrazoi zuen. Zortzietan hasten zen kontzertua eta 19.30tan inor gutxi zebilen handik. Zerbait arraroa gertatzen ari zela susmatu genuen. Twitter hobeto irakurri, han inguruan kartelen bat ikusi, eta gure akatsaz jabetu ginen: Belako izeneko talde bat omen zen han jotzen zuena. Aix!!

Tira, bertan geundela aprobetxatuz kontzertua ikustera gelditzea erabaki genuen. Kantinaren kanpoaldean mahai batean eseri eta haren zain geratu ginen. Alboan tipo gazte bat genuen, Berri Txarrak taldearen kamiseta soinean, gurasoak ziruditenekin hizketan; kontzertu hark oso zalego anitza erakarriko zuela pentsatu genuen lagunak eta biok, semeak eta gurasoak haiek ikustera gerturatzen baziren.

Halako batean gazte hura altxatu eta ordua zela esan zien guraso ziruditen haiei, eta jotzera joan behar zuela, eta barrura egin zuen. Guk, harrituta, berdin egin genuen.

Eta han agertu zen laukotea berriz. Hasieran ez nituen ezagutu, baina kontzertu erdi aldera Durangoko haien antza zutela iruditu zitzaidan, eta etxera itzultzean hura konprobatzeaz ez ahazteko esan nion nire buruari.

Kontzertua izugarri gustatu zitzaidan. Teklatu, kable eta halakoekin mila arazo izan zituzten, baina sekulakoa izan zen. Lisäbo-ko taldekideren bat ere handik zebilela oroi dezaket, eta haiek ere pozik ziruditen. “Hauek zer egongo ote dira” galdetu nion lagunari, “unibertsitatean edota institutoan?” Gero abeslariak saioa amaitzen hasi behar zutela adierazi zigun, hurrengo egunean klasera joan behar zuten eta. Ez zigun esan zer klasetara ordea.

Amaieran salgai zuten diskoa erosi nion kontzertu aurretik gurasoekin ikusi genuen tipo hari, bateria joleari hain zuzen ere. Izena Lander zuela ezagutuko nuen gero. Tipo jatorra zirudien, eta jendeak haien diskoak erosi nahi zituelako pozik ere bazirudien. 10 euro eman nion eta, itzuli beharreko 2 euroetarako txanponik ez zuelako, bueltakoa gordetzeko eskatu nion.

Diskoa izugarri gustatu zitzaidan.

2016ko otsaila

Asteburu honetan Belakok Azpeitian jo du. Estatu mailan arrakasta dexente lortu dute azken urteotan, musika jaialdi nagusienetan agertuz, eta kritika bikainak jasoz gainera, bai zuzenekoei zein diskoei dagokionean. Argazkietan jadanik ez dirudite horren gazteak; zuzenekoan ezta. Aurreko batean Gaztezulon irakurri nien ezin dutela musikatik bizi, baina jotzen egon diren leku eta jaialdiak ikusita, ez dut uste denbora luzea beharko dutenik horretara heltzeko.

Gauza asko aldatu dira Belakon azken urte pare honetan. Edo hala iruditzen zait niri behintzat. Hasteko, teloneroa dute, ez dira: Rural Zombies Zestoatarrak aritu ziren lan horretan. Baita ondo aritu ere, sorpresa polita izan baitzen haien musika ezagutzea (diskoa entzunda nuen aurretik baina ez zidan apartekorik esan, zuzenekoan asko irabazten du).

Ez zen hori aldatu den gauza bakarra: taldearen presentziak izugarri egin du gora. Taula betetzen dute orain, akabo xalotasuna. Soinua, hasieran bezain boteretsua den arren, beste ziurtasun bat transmititzen du, egin dutenaz ziur daudela argi uzten dute lehen akordeetatik.

Taldekide guztiak bata bestearen alboan kokatzen dira zalegoari begira, kide guztien berdintasuna agertu nahian agian. Eta ez da berdintasuna agertzen duen keinu bakarra: lehen kanta Lorek abestu zuen, bigarren Iosuk, eta hirugarrena Crisek: talde honetan denek pisua dutela adierazteko beste modu bat. Hala ere, egia esan nik Lander bateriajolea ertz horretan ikustea ez dut oso gogoko, nahiago nuke erdialdeko posizio bat hartuko balu!

Dena ez da primerakoa dena den: oraindik soinu arazoekin zebiltzan eta une kuriosoak agertu ziren, 3 kanta jarraietan kide batek eszenatokia utzi zuelarik besteak han utziz. Une horiek kontzertuko ahulenak izan ziren, soilik taldekide guztiak zeudenetan agertzen baitu indarra euren soinuak. Lehen kontzertu hartan izan zituzten kable arazo guztiak eta nahasketa une batzuk etorri zitzaizkidan burura. Zenbait gauza ez dira (agian) sekula aldatuko!

Eta orduan Nina Simoneren bertsio hori heldu zen, eta dena aldatu zen.

Une horretatik aurrera kontzertu bat izateari utzi eta jai bat edota show bat izatetik gertuago egon zen. Gau euritsu hartan mugitzeko gogo gutxiz zegoen Azpeitiako zalegoa itzartu zen, eta ez zen amaiera arte gelditu. Bazirudien inork gutxik nahi zuela hura amaitzea; nik ez behintzat. Dantzatzeko uneak egon ziren, eta Kurt Kobain gogora ekarri zidatenak, eta bestelako asko ere. Eta denak onak izan ziren.

Bai, talde ezberdin bat da orain Belako. Eta, entzundakoaren arabera,

  1. urte askotan izango dugu gure artean
  2. oraindik buelta asko emango ditu eta ziurrenik hainbat aldaketa jasango ditu. Eta ziurrenik aldaketa onak izango dira.

Gauza asko aldatu dira Belakon bai baina garrantzitsua ordea ez: sekulako musika egiten jarraitzen dute.

Ea istorio honen hurrengo kapituloa idazteko aurrekoetan bezainbeste denbora uzten ez dudan…

Setlist Belako Azpeitia 2016-2-27

Setlist Belako Azpeitia 2016-2-27