Blogaren artxiboa

Durangoko Azokak izena (berriz) aldatu du

Durangoko Azokak 50 urte betetzen ditu aurtengoan. Euskal Herriko kulturaren plaza izatearen ospea irabazi du urte hauetan, merezimenduz zenbaiten esanetan eta halakorik izan gabe besteen iritziz. Auskalo; iritziak baino ez dira horiek.

Baina egia dena azokaren izena aldatu dela. Konturatu gabe agian, oraindik askok aurreko izena erabiltzen jarraitzen baitute. Baina jadanik ez da Durangoko Liburu eta Disko Azoka, ez: orain Durangoko Azoka da. Soilik. Eta hobe horrela.

(Bai, ados, google-eko emaitzek kontrakoa diote, eta baita prentsan irakurri daitezkeen hainbat berrik, eta bestelako askok, baina izen ofiziala Durangoko Azoka da, eta ez besterik.)

Hobe horrela, bai: izan ere, Landakoko txokoan liburuak eta diskoak saltzen dira, bai, baina bestelako asko baita. Kamisetak, jostailuak, urtekariak, puzzleak eta beste hainbatek betetzen dute Azoka egunotan. Baina ez da hori aldaketarekin ados egotearen arrazoi nagusia.

Spotify, Youtube, Deezer, Bandcamp-en garaiotan, zer pisu du diskoak? Zertarako sortu disko fisiko bat? Zerbait etxera eraman ahal izateko aitzakia bat baino ez dira bilakatu diskoak, musika eta memoriak nolabait etxean gordetzen gabiltzala sentitu ahal izateko bide bat baino ez. Hortaz, zergatik saldu diskoak? Eta antzerako galdera bota nezakeen liburuei dagokionean; hau ordea musikaren inguruan hitz egiteko txokoa da eta hortara mugatuko naiz.

Arrazoi anitz dago diskoak saltzen jarraitzeko, noski. Euren artean nagusienetarikoa, musikariaren presentzia monetizatzeko beste modurik aurkitu ezinean aritzea sarri; Spotify-harpidetza ezin horren modu errazean saldu, edota hortik datorren dirua ezin musikariari modu zuzen batean helarazi. Diskoetxeen negozioa ere hor dago. Baina, berez, diskoak hil dira. Merkatu handietan hil. Beraien txokotxoa izaten jarraituko dute, baina hil dira. Aspaldi hil ziren, oraindik konturatu ez garen arren.

Nik neuk, binilo zalea izanik ere, sarri mp3ak faltan botatzen nituen: biniloarekin batera deskarga digitala oparitzen ez dituzten diskoekin haserretzen naiz maiz. Izan ere, diskoa etxean entzutea gustuko dut bai, baina kotxean edota lanean baita. Bestalde, SGAEren esanetan edozein disko kopiatzea, bai eta zure kontsumo pertsonalerako baldin bada ere, legez kanpokoa da (ados, SGAE bere ere legez kanpokoa beharko luke, baina hori beste kontu bat da); Spotify kotxean edota etxean edota lanean entzutea ordea legezkoa da. Legea, beti bezala, garaien atzetik. Sorkunek aurten, esaterako, USBak saltzen ditu; horren erraza da USB baten edukia kopiatzea, eta horren gauza naturala haren edukia galeren kontra zaindu nahi izatea…

Hortaz, ba al du zentzurik Disko Azoka deitzeak? Musika Azoka agian hobeto legoke, edo Soinu Azoka. Edo, egun dagoen moduan, Azoka, besterik ez.

Azokako araudiaren arabera, ezin bertan Diskoak edota Liburuak ez direnak. Kamisetak eta halakoak, hortaz, debekatuta, disko+kamiseta eta halako tranpak egin ezean. Agian ondo dago araudi hori kulturaren plaza behar duena komertzial zentro bilakatu ez dadin… baina argi dago musika saltzeko beste formulak bilatu behar dituela merkatuak.

Agertuko dira. Musika beti eraberritu da, eta beti irten da onik. Oraingoan ere egingo du. Soilik espero Azoka ere garaiz eraberritzea. Momentuz, alda diezaiogun guk izena, eta dei diezaiogun dagokionarekin: Durangoko Azoka, eta besterik ez.