Blogaren artxiboa

2016ko zuzeneko onenak

Zuzeneko bat ona izateak asko eskatzen du: talde/musikariak egun ona izatea, abesteko material ona izatea, akustika, lekuaren xarma, zalegoaren erantzuna… Ez da erraza kontzertu bat “ona” suertatzea, eta neurri beretsuan ez da erraza kontzertu bat ona izateko zer behar duen definitzea.

Subjetibotasun hortatik abiatuta (eta ikusitakoen arabera), hona hemen urte honetan izandako 10 zuzeneko onenak, zerrendatuta. Kanpoan geratu dira El Drogasen Iruñeako makrokontzertua, Hesian taldeak Durangon eskainitako eta lagunez beterikoa saioa, Damien Juradoren etorrera, Zea Mays edo Kokein-en itzulera, edota Bullitt-ek azken aspaldi luzean eginiko lehen bisita, besteak beste…

10. Yellow Big Machine, Donostia (Kultur Kutxa Festibala), Irailak 3

Zaila da festibal batean kontzertu ona eskaintzea. Are gutxiago egunez izanik, eta eszenatokia bide erdian egonda. Ba sekulakoa montatu zuen laukoteak zalegoaren laguntza medio!
P1110182

9. Willis Drummond, Durango (Plateruena),

Urte honetako itzulerarik eskertuena talde honena. Uda partean minibira bat antolatu eta gero, azken diskoa aurkezten hasi berri dira eta kanta berriak gorantz doaz. Kontzerturik onenak etortzeko daudela uste dut (Gasteizen beti antolatzen ditu sekulakoak talde honek!)

imagen111

8. Grises, Donostia (Dabadaba)

Kuriosoa da: eszenatoki handietara ohitutako taldea, oso ondo funtzionatu zuen horren leku txiki batean. Zalegoaren gertutasunaren kontuak… edota talde guztiak eta, bereziki, Eñautek agertzen dituen gogoak gertuagotik ikusteko aukera eskaini zutelako.

7. Joseba B. Lenoir Gang, Ondarroa (Portuko Ranpi), Maiatzak 17

Bere garaian esan nuen: musikalki, sekulako taldea antolatu du Joseba B. Lenoirrek, eta talde gisa izugarri ondo funtzionatzen dute. Lekua, gainera, primerakoa izan zen.

6. Berri Txarrak, Otxandio (Gaztetxea),

Berri Txarraken tamainako talde bat gaztetxeetan jotzen jarraitzea sekulakoa da. Horri Jaio.Musika.Hil bere osotasunean jotzea gehituz gero, emaitza primerakoa izan zen. Gehitzekorik ez!!
(Otxandion audioarekin zenbait arazo izan eta gero, Durangoko saio bat utziko hemen)

5. Peiremans, Durango (Plateruena), Martxoak 17

Durangokoa moduko plaza hotza abesten jartzea lortu zuen laukoteak. Agian taldekideei agurra dudamudatan jartzeko moduko gaua izan zen…

4. Belako, Elorrio (Gaztetxea), 2016-12-23

Talde honek aurten Azpeitian edota hainbat festibaletan emandako kontzertuak onak izan dira, bai, baina hau berezia izan zen. Horren leku handietan jo eta gero, honen leku txiki batean jotzea eskertzekoa da oso. Eta gainera gaztetxean. Soinua agian ez zen munduko onena eta ezin izan zuten beraien ohiko kontzertua antolatu (esaterako, bateria atzean jarri behar izan zuten), baina zalegoaren erantzunak hori eta gehiago konpentsatu zuen. Crowdsurfinga eta guztiz egon zen! Momenturik bereziena: Sea of Confusion abestia amaitu eta areto guztia hura abesten jarraitu zuen. Taldeak, ezinbesteak, beste behingoz ekin behar izan zion kantari!!

3. Gorka Urbizu, Zarautz (Modelo), Maiatzak

Agian kontzertu batera gindoazela ez genuelako uste, agian jendearen gogoengatik, edota akaso lekuaren berezitasunengatik, sekulako saioa eskaini zuen Gorka Urbizuk bakarkakoan. A bai, filma bat egon zen baita… 🙂

2. Bruce Springsteen, Donostia (Anoeta), 2016-05

Gurean 2016an egon den mainstream ekintzarik aipagarriena da hau agian… eta ezin hobea izan zen. The Boss-ek zerbait egiten badaki, modu guztietako entzulegoa zelan ase daitekeen da: kanta ezagun pila jo zituen, zalegoarekin interakzionatu zuen behin eta berriz, barre egiteko eta gai serioak uneak aurkitu zituen, kanta ez horren ezagun nahikotxo ere jo zituen, bertsioren bat edo beste, bisak eta bisak jo zituen, eta amaitzeko This Hard Land-en sekulako bertsio bat utzi zigun. A, eta euskeraz bertoko hainbat taldek baino hitz gehiago bota zituen… Okerrena, agian, prezioa, nahiz eta Guns’n’Roses-ek egun hura merketu du…

  1. Ekiza, Donostia (Doka), Martxoak 17

Lekua, aparta. Soinua, primerakoa. Zalegoa, gogotsu. Eta musika, berezia, oso. Gerora beste hainbat lekutan ikusi izan dut Ekiza zuzenekoan, eta hainbatetan kanta bitxiak jo zituen eta akaso norbaitek esango dut setlist hobea aukeratu zuela, baina kontzertu hau bestelakoa izan zen.

Bullitt, Yellow Big Machine eta Morgan Durangon: hotzaren gainetik egongo da musika beti

2016-10-15, Durango.

Durangoko txosnetako arduradunek beti dakarkigute goranzko bidean den talde baten kontzertua herriko jaietan. Aurten ere hala izan da… nahiz eta, aurtengokoan, ezin dut erabaki zein izan den gorantza doan talde hori!

Morgan madrildarrek hasi zuten gaua. Egia esan, txosna gune batean, ostiral bateko P1110263-3.jpggaueko 22tan jotzeko talde aukeraketa bitxia: estilo lasaiak kafera gehiago gonbidatzen du kalimotxoetara baino. Hala ere, jendetza bildu zen bertan eta adi jarraitu zituen boskotearen nondik norakoak. Abeslari hizlari batek entzulegoa adi mantentzea lortu zuen. Musika ederra iruditu zitzaidan, ganora gehiagorekin entzuteko modukoa.

Ondoren Yellow Big Machine heldu ziren. Laukotea indarrez gainezka dator, eta beraien diskoek asko irabazte dute zuzenekoetan; hau esatea nahiko ohikoa da, baina euren kasuan ezin egia borobilagorik bota. Horrelakoa izan zen kontzertua baita: hasieratik ekin zioten gogor, eta ez zuten une bakar batez utzi doinuari. Weezer eta Ramones arteko nahasketa bat eskaintzen dute, rock punkeroa eta musika esperimentala doinu erakargarrietan bateratuz. Bertan geunden guztiok hotza gainditu eta dantzan jarri gintuzten! Hori bai, onartu behar hotza medio (edota gaur egun kontzertuetara geroz eta jende gutxiago joaten dela tarteko), inor gutxi geratzen zela ordurako…

Hobetzekoak: eszenatoki txikietan hobeto moldatzen dira handietan baino, eta bateriajoleak beste kide guztiak eklipsatzeko moduko energia du! Energia hori beste 3 kideek bereganatuko balukete… buf! Hori bai, Rober bateriak dioen moduan, “hori euren arazoa da!”

Azken orduan Bullitt kataluniarren txanda izan zen. Denbora luzea zeramaten Euskal Herrira gerturatu gabe eta entzule faltan nabaritu zen; zenbaitek hotzari egokitu zioten, baina zintzoak izan ziren eta gero onartu zuten: “4 urtetan ez bagara hona hurbiltzen, zer espero genezake ba?”

Bertan geratu ginen gutxiok sekulako kontzertua jaso genuen trukean. Soinu garbi eta fina, taldearen makineria ondo koipeztua, lehen unetik gogor ekin zioten. Beraien azken diskoa, Sparks, osorik jo zuten bi ataletan: lehen aldea hasi eta berehala, eta bigarren aldea aspaldiko beste zenbait kantu tartekatu eta gero. Diskoa iazko lanik onena izan ez bazen Estatu mailan, gutxiren faltan geratuko zen (edo hori da, behintzat, nire uste apala), eta zuzenekoak sentipen hori areagotu baino ez zuen egin. Handiak!

Xaviren ahotsak ez du ezer galtzen zuzenekoan, akaso irabazi; beste kide guztiek ondo laguntzen diote, bizitasuna eta indarra gehituz emaitza finalari; Ferranen “ordezkoak” ere primeran egin zuen (halakoetan ordezko hitza onena izan ez arren). Niri kontzertua labur egin zitzaidan, eta uste dut ez nintzela bakarra izan. Gustura entzungo nuke taldea berriz gurean, oraingoan gela itxi eta beste ordutegi batean. Badakizue, zain gaituzue!